Abotsanitz iragan asteko uholdeen harira: "Denak ez du balio politika egiteko"
Iragan asteko uholdeen inguruko hausnarketa plazaratu du Abotsanitzek eta ariketa horretan PSE-EEk egindako adierazpenei erantzun egin die.
Pasa den astean, nagusiki hilaren 16tik 18ra, marea biziak eta euri jasa handiak elkartu ziren Euskal Herri osoan. Hondarribiko kasuan, mareak gora egin zuen orduetan urak ohiko puntuetan egin zuen gainezka: Minasoroetan, Mendelun, Jaizubian… Egun horiek heldu baino lehen, aurreikuspenak ikusita, Hondarribiko sozialistek uholdeei aurre egiteko neurri gehiago hartzea eskatu zuten, eta horri begira, uholdeen egoeraren inguruko hausnarketa bat plazaratu du Abotsanitzek.
Aurreko hilabeteetako uholdeekin alderatuta ohiko neurriak hartzeaz gain, herritarrei uholdeei aurre egiteko materiala banatu zitzaiela gogoratu du Abotsanitzek, udaletik eta alderdi guztien parte hartzearekin kaltetutako eremuetara egindako bisiten eta bizilagunen topaketen emaitzaren fruitu. Bizilagunei hondar-zakuak banatu eta moto-bonbak utzi zizkieten.
Zentzu horretan, Abotsanitz herri plataformako kideek egoera politikoak hobera egingo zuelaren “esperantza” zuten, baina uste zutenaren kontrara, oposizioak “okerrera” egin duela salatu dute. “Etika, enpatia eta zintzotasun falta salatu beharrean gaude eta argi eta garbi esan nahi dugu, denak ez duela balio politika egiteko. Beste herrietan, Irun kasurako, ez dugu oposizioa etekin politikoa bilatzen ikusi, baizik eta prestutasuna eta elkartasun-jarrera adierazten herritarrekiko”.
Hortaz gain, Hondarribiko PSE-EEri gogorarazi diote alderdi sozialista dela Ura Agentzian edota Espainiako Kostaldeko Agintaritzan boterean dagoena, eta eskatzen dituzten hobekuntza horiek egiteko baimena ukatu egin izan diotela udalari, “beste alternatiba ez hain efektiboagoak mahaigaineratuz”. Horrenbestez, “alderdi serio batek egingo zukeen bezala” sozialistei alderdikideengana joateko eskatu diete, “egoera larri honi irteera emate aldea presioa egitera eta herrira proposamenak ekartzea”.
Azkenik, zenbait herritarrekiko minduta azaldu dira herri plataformako kideak, irailean Hondarribiko Udalak arrisku eremuetan utzitako zenbait hondar zaku zulatu eta ibaira bota baitzituzten. “Erabat deitoragarria” esan dute, “zaku horiek alterazio gutxien eragitea zuen helburu, baina badirudi, batzuei, udaletik datorren edozerk, min ematen diela”.