Udalaren eta Bidasoko Gazte Langileon Asanbladaren negoziazioa, fase berri batean
Asanbladako kideek gaztetxe bat nahi dute, eta udalak egindako proposamenak entzun ondoren, desadostasuna adierazi dute.
Bidasoko Gazte Langileon Asanblada eta Hondarribiko Udala fase berri batean sartu dira. Hala adierazi dute asanbladako kidek sare sozialetan. Gaztetxe bat eskuratzeko lehen ekintzak egin zituztenetik lau hilabete igaro dira, eta harrezkero udal gobernuarekin zenbait bilera egin dituzte.
Lehen proposamenak aztertu ondoren, beren desadostasuna adierazi dute: “Gure proiektua posible egiteko inplikatu beharrean, gaztetxe baterako gutxieneko baldintzak betetzen ez dituzten espazioak eskaini dizkigu soilik. Hondarribiak gaztetxe bat edukitzeko aukera izanik hau izan da Udalaren erabakia”. Udalak proposatutako eraikinak sartzeko moduan egotetik urrun daudela zehaztu dute, eta datorren urtera arte gutxienez erabiltezin izango direla. Hori dela-eta, sare sozialetan beren kabuz antolatuko direla baieztatu dute, “ez dugu beste aukerarik”.