Tasen ordenantzari "baldintzak" jarri dizkio EH Bilduk
Tasen igoera orokorra %3koa izatea eta zergen bilketa progresiboak izatea eskatuko dute. Horrez gain, burokrazia murrizten hasteko prozesua martxan jartzea galdegingo dute.
Ostiral honetan (hilak 25) osoko bilkura egingo da eta 2025 urteari begirako udal tasa eta zergak arautzen dituzten ordenantzak eztabaidatuko dituzte. Udal gobernuak %4,3 igoera orokorra da proposatu duena baina EH Bilduk hainbat baldintza jarri ditu ordenantza horien alde bozkatzeko.
Koalizio abertzaleak tasa orokorraren igoera %3koa izatea nahi du, oinarrizko elikagaien garestitzearen eta inflazioaren ondorioz soldaten eta pentsioen igoera “ezerezean” gelditu direlako.
Tasake ta zergak “progresiboak” izatea galdegingo dute ere, zerga bilketa “justua eta eraginkorra” izan dadin. Hala, errenta baxuena dutenek kiroldegietako edo Solas Jolasetako matrikuletan gutxiago ordaintzea proposatu dute.
Era berean, zergak hobarien bitartez familien errenten araberako ordainketa sistema aztertzen hastea eskatuko dute. Sistema honek errenta baxuagoa duten familiei Ondasun Higiezinen gaineko Zergan hobariak izateko aukera baimenduko luke EH Bilduren esanetan.
Horrez gain, diru laguntzen eskaerak egiteko eta hobarien aplikaziorako “burokrazia murrizteko” formulen diseinuan aurrera egitea eskatuko dute. Adibide gisa jarri dute Errenteriako Udala eta erakunde honek martxan jarri duen desburukratizazio prozesua. Prozesu honen helburua, diru laguntzak eta hobariak eskatzerakoan herritarrek une honetan egin beharreko gestio burokratikoak udalak bere gain hartzea litzateke.