Tasak eta zergak izozteko osoko zuzenketa aurkeztuko du Elkarrekin Irunek
Udal gobernuaren proposamenaren aurka bozkatuko dute, tasen igoera ez delako justua gehiengoarentzat. Halaber, udal aurrekontuetara bideratuta eta erabili ez den dirua zerbitzu publikoetara bideratzea galdegin dute.
Elkarrekin Irunek udal gobernuak tasak eta zergak %4,3 igotzearen kontra egingo duela aurreratu du. Tasak izoztu egin behar direla adierazi dute, fiskalitate bidezko baten alde. Osoko zuzenketa bat aurkeztuko dute haien proposamena defendatuz, eta zerbitzu publikoen prezioaren jaitsiera eskatuz.
Koalizio morearentzat igoera orokorra ez da justua gehiengoarentzat, erosteko ahalmenaren galera “errealitatea” delako. Horren harira, herritarrek ez dutela iazko igoera gainditu gogoratu dute, eta beraz, udal aurrekontuetatik erabili ez den dirua zerbitzu publikoetara bideratzea proposatu dute, herritarrei haien poltsikoa hustea eskatu baino. Asmoa, zerbitzu publikoen funtzionamendu ona bermatzea litzateke.
Euskal Autonomia Erkidego osoa baino errenta txikiagoa dela Irungoa azaldu dute eta, hortaz, Irungo familiek gainontzeko familiek baino zailtasun ekonomiko handiagoak dituzte.
Gainera, zerga-sistema justu eta progresibo baten falta dagoela mahai gaineratu dute, kargak herritar bakoitzaren gaitasun ekonomikoaren arabera banatuko lituzkeena eta gai horri oraindik ez zaiola heldu uste dute. ” Toki zergak arautzen dituzten foru arauak ez daude eguneratuta eta ez dute islatzen gaur egungo errealitate ekonomikoa” azaldu du David Nuño Elkarrekin Irungo bozeramaileak.
Udal gobernuarekin negoziatzen saiatu dira eta “adostasunera iristeko ezintasuna” deitoratu dute. Izan ere, ordenantza Fiskalen zenbait alderdiri buruzko azterlan batzuk baino ez dizkietela aurkeztu diete eta hori ez dela nahikoa uste dute. Hartara, udal gobernuaren proposamenaren kontra bozkatuko dute.