Irungo Udala 5. Adikzio Plana ari da osatzen
Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko arloa Udalaren 5. Adikzio Plana (2025-29) ari da osatzen, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete.
Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko arloa Udalaren 5. Adikzio Plana (2025-29) ari da osatzen, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete. Horretarako, behean dagoen QR kodea –udalaren webgunean ere badago– eskaneatu eta bertan dagoen galdetegia osatu behar da azaroaren 4a baino lehen.
Urriko lehen hamabostaldian Irungo ikastetxeetako ikasleek izan dute hitza, eta horiek erantzundako galderekin Irungo adikzioen egoera aztertu dute. Horretaz gain, adinekoek ere badute iritzia emateko parada haien zentro eta elkarteetan. Bertan, alkoholari, tabakoari eta psikofarmakoei buruzko galderei erantzun beharko diete.
Planaren hurrengo fasean Gizarte Ongizateko arloaren Esku Hartze Komunitarioko zerbitzuak hiriko bizitza sozialeko zenbait eragile nabarmenekin bilduko dira.
Plan honen helburua da ahalik eta datu gehien biltzea eta herritarren sektore “adierazgarriak” entzutea, askotariko substantzien kontsumoaren inguruan hausnartzeko. Gainera, teknologia berriek eskura jarritako ikus entzunezko edukiaren “erabilera okerra edo gehiegizkoa” ere aztertu nahi dituzte.