Bertako Emakumeen eta Migratuen I.Topaketa egingo da Irunen
Ficoban egingo da topaketa hilaren 28an. Irunen bizi diren 140 jatorritatik etorritako emakumeak eta bertan jaiotakoak elkar ezagutzea da helburua.
Bidasoaldeko Elkarte Feministak Bertako Emakumeen eta Migratuen I.Topaketa antolatu du hilaren 28rako. Ficoban egingo da eta Irunen dauden 140 nazionalitateei protagonismoa emango diete. Izan ere, migratzaile gehienak emakumeak direla azaldu du Maritxu San Pedro Bidasoaldeko Elkarte Feministako kideak.
“Garai batean, familiako gizona joaten zen lehena Alemaniara eta orain guztiz kontrakoa da, emakume latinoamerikarrak migratzen du lehenbizi”. Irunen bizi diren 140 jatorritatik etorritako emakumeak eta bertan jaiotakoak elkar ezagutzea da topaketen helburua.
Bidasoaldeko Elkarte Feministako kideek Irungo Udalaren komunitate arteko bitartekaritzak sortu dituen bertako eta migratutako emakumeen bileretan hartu dute, eta hortik sortu da topaketa egitearen ideia. Hartara, elkarte feministak Mundubat eta Lagun Artean GKEak gonbidatu ditu haien lana aurkeztera.
Eguna, 10:00etan hasiko dute eta gosaria egitea dute asmo elkar ezagutzeko. Ondoren, Coordinadora Nacional Viudas Guatemaltecas Conavigua elkarteko Maria Canil eta Josefa Luc Sonek hitzaldia eskainiko dute. Alargunak eta umezurtzak diren emakumeak dira eta haien eskubideen alde egiten dute lana ekarriko dute Irunera.
Bestalde, Bilboko Lagun Artea elkarteak Awex Mejia Cipriano CEIBA elkarteko koordinatzailea gonbidatu du. Elkarte honek Guatemalako komunitateen ahalduntzean egiten du lan, lurraren produkzio agroekologikotik hasi, osasun komunitarioa zeharkatu, baita antolakuntza soziala eta lurraren defentsa ere eginaz eta emakume nekazarien sustapenean bukatuz. Hain zuzen, Guatemalako Solola, Chimaltenango, Retalhuleu eta Huehuetenangon ari dira.
Mejiarekin batera izango da Carmen Cuj Chopen de Chumil, Guatemalako Oxlajuj-E Emakume Maien elkarteko koordinatzailea. Emakume maien ahalduntzean eta hauen ongizatearen alde egiten dute lan, kaqchiqueles emakume arbasoen kosmobisoaren balioak kontutan izanda.
Halaber, Euskal Herriko beste zenbait elkarteko kideek ere parte hartuko dute: Oihana Llorente Parean elkartea; Eli Paduraru Aukera Programa; Anabel Sanz de Redagi, Gipuzkoako Emkaumeen Elkartea; Ione F. Zabaleta Ara!Gorputz; Neus Albertos Meri, de la i a X; eta Naroa Gonzalez Gamazo eta Maritxu San Pedro Bidasoaldeko Elkarte Feministakoa. Haiez gain, Veronica Murari komunitate arteko Irungo Udaleko bitartekaria bertan izango da.
Parte hartzeko mezu bat bidali behar da elkarte feministaren korreora. Mezu horretan izen abizenak eta telefono zenbakia eman beharko dira, eta GKE edota elkarte baten parte izatekotan hori zehaztea galdegin du San Pedrok.