Palestinako genozidioa lehenbailehen gelditzea eskatu dute hondarribiarrek
Gernika-Palestina herri ekimenak deitutako mobilizazioekin bat egin zuten 200 bat herritarrek. "Genozidioa Stop" kartelak eskuan zituztelarik Palestinar herriari elkartasuna adierazi zioten.
Hondarribiarrak ere kalera irten ziren atzo. Gernika-Palestina herri ekimenak hilaren 21erako deitutako mobilizazioekin bat egin zuten. Euskal Herriko 178 herritan egin zituzten elkarretaratzeak, indarrak batzeko, Palestinar herriari elkartasuna erakusteko eta berehalako su etena eskatzeko.
Erabateko isilunea nagusitu zen arratsaldeko 19:00etan. Egoeraren gordintasuna eta herritarren kezka alde zaharreko pareta zaharren artean arnas zitekeen. 200 bat herritar bildu ziren udaletxeko atarian, “Genozidioa Stop” kartelak eskuan eta Palestinako banderak zituztelarik. Azken horiek gogor astindu zituen haizeak, eusten zituztenen indarra Palestinaraino heltzeko. Elkarretaratze isila izan zen arren Leire Vargasek idatzitako eta errezitatutako poemak izan zituzten aldarri. Bertsolari, idazle eta itzultzaile durangarra da Vargas eta poemaren bidez Palestinak pairatzen duen egoera bidegabeari ahotsa eman nahi izan dio.
Urriaren 19an mobilizazioen xehetasunak emateko agerraldia egin zuen Gernika-Palestina herri ekimenak. Kezkatuta mintzatu zen Ibon Meñika bozeramailea: “Nola izan daiteke Netanyahu eta Israelgo Estatua inpunitate osoz aritzea?”. Inpunitate horri esker, gatazka ekialde hurbilera zabaltzen ari da eta testuinguru horretan komunitate internazionalak zeresan handia duela gogorarazi zuen Meñikak: “Egoera aldatzeko funtsezkoa da herrialde ezberdinek egin dituzten deklarazio eta lege guztiak betetzea”. Horrez gain, genozidioa lehenbailehen gelditzeko eta Estatu Palestinarraren errekonozimendua eta herritarren eskubideak bermatuko dituen negoziazio markoa ezartzeko eskatzeko deitu zituzten mobilizazioak.