Norgehiagoka estua eduki du Biok Txingudik
Etxean jokatu dute azken partida eta galdu badute ere, lehen 24 minutuetan markagailua ez zen aldatu.
Etxean jokatu dute Plaiaundiko neskek asteburu honetan eta garaipenarekin hasi bazuten denboraldia, norgehiagoka estuarekin jarraitu dute. Durango jaso dute etxean Biok Txingudikoek eta markagailuak 10 eta 14 bukatu zuen.
Lehia oso parekatua izan zen momentu guztian zehar eta 24. minutura arte ez zen markagailua mugitu. Bisitariek, entsegu eraldatuarekin, zazpi puntuko aldea lortu zuten aurrea hartzeko. Hamar minutu geroago, Txingudi defentsa egiten ari zen presio handiak bere fruituak eman zituen, baloia berreskuratuz eta, durangarren entsegu-eremutik gertu denbora luze eman ondoren, Laida Rodriguezek beltz eta etxekoen lehenengo marka lortu zuen (5-7).
Partidu osoan zehar, bi taldeek joko oso sendoa erakutsi zuten, baina ez batak ez besteak ez zuten lortzen puntuak gauzatzea. Atsedenaldia iristear zegoela, Durangok defentsa-lerroa haustea lortu zuen bigarren entsegua hagetatik gertu egiteko, ostikada erraztuz eta 5 eta 14koa jarriz markagailuan.
Bigarren zatian baloia Txingudirena izan zen, baina bizkaitarren defentsa lan sendoak aukerak zapuztu zituen pixkanaka. 54. minutuan, zigor kolpe bat azkar jokatuz, Enara Arruti aurkariaren entsegu-eremura iritsi zen taldearen bigarren entsegua lortzeko (10-14).
Behin eta berriz saiatu baziren ere, Irungo jokalariek ez zuten defentsa zulatzen lortu eta Durangok etxekoek galtzen zuten baloi bakoitza bere zelaitik urruntzen zuen. Honela, amaierara iritsi zen norgehiagoka, Durangok 4 puntu eramanez etxera eta Biok Txingudik bonus puntu bat eskuratuz.
Momentuz, B multzoko sailkapenean lehenengo dago Biok Txingudi eta, datorren astean, Logroñon izango du partida.
Etxekoen hasierako hamabostekoan Lucia Duran; Alazne Macicior; Maren Santa Cruz; Maddi Garmendia; Sandra Ramos; Lohitzun Aia, Garazi Santos; Miren Fernandez; Enara Arruti (kapitaina); Alba Saiz; Ane Novo; Paola Vega; Naroa de la Fuente; Uxune Aranburu eta Leire Muñoz aritu ziren. Partida eserlekuan hasi zuten, berriz, Lupe Pescador, Maddalen Alberdi, Iara de Almeida, Lur Gaston, Irati Beraiz, Udane Diez eta Laida Carrok.