Emakumeen Etxearen balantze "positiboa" egin du udalak
Eskola Feministan 900 pertsonek hartu dute parte eta Ahalduntze Eskolan, berriz, 380 lagunek. "Etorkizun oparoa" dauka etxeak udalaren arabera.
Urtebete pasa da Emakumeen Etxeak ateak ireki zituenetik, eta beraz, urtebete daramate jardunean. Udalak urteko ekitaldien balantzea egiteko probestu zuen pasa den larunbateko festa eta balantze “positiboa” da egin dutena. “Arrakastaz betetako urte eta etorkizun oparoa” duen etxea dela ere azaldu dute.
Eskola Feministan 900 emakumek hartu dute parte eta nabarmendu egin dituzte parte hartzeagatik Berdintasun Legeari buruzko hitzaldia eta jaietarako aldaketa kultural eta sozialei buruz ikuspegi feminista batetik egindako hitzaldia. Harrera oso ona jaso duten bestelako ekintzak ere aipatu dituzte, hala nola, Kantu talde feminista, Txinparta Morea, Dantzaterapia eta Epaitu zeure burua gutxiago eta besarkatu gehiago.
Ahalduntze Eskolara 380 lagun joan ziren eta bertan askotariko gaiak landu dituzte, esate baterako, Maitatu eta zaindu zure gorputza, polit zahartzea, antzerki laborategia edo zoru pelbikoa. Zinema ziklo feministaz 670 pertsonak gozatu zuten.
Aholkularitza zerbitzuari dagokionez, 100 emakume inguruk baliatu zuten laguntza juridikoa jasotzeko, aholkularitza sexuala eskuratzeko edo egindako ikasketak homologatzeko, emakume etorkinen laneratzea sustatzeko neurriaren barruan azken kasua.