Gabon Kanten jaialdian eta Olentzero eta Belenen erakusketetan izena eman daiteke
Erakusketak abenduaren 13tik urtarrilaren 5era egongo dira ikusgai. Lehiaketa, aldiz, abenduaren 24an egingo da.
Olentzero Gabon Kanten jaialdia eta Jaiotzen eta Olentzeroen erakusketen berri eman du gaur Irungo Udalak. Abenduaren 24an izango da lehiaketa San Juan plazan, 19:00etatik aurrera, eta erakusketa Amaia KZn egongo da, abenduaren 13tik urtarrilaren 5era.
Bai gabon kanten txapelketan bai eta erakusketan bi kategoria bereiziko dira: 16 urtetik beherakoena eta adin horretatik gorakoena. Parte hartzeko azaroaren 8a baino lehen bidali beharko da eskaera HAZ bulegoetan. Lehiaketaren oinarriak udalaren webgunean kontsulta daitezke.
Gabon kantetan arituko direnek ordezkari bat izendatu beharko dute azaroaren 18an udalaren egingo den bilerarako. Elkartze hori 12:00etan izango da, Kultura, Hezkuntza, Gazteria eta Kirol arloko bulegoetan.
Jaiotzak eta Olentzeroak, berriz, Amaia KZn entregatu beharko dira abenduaren 12an edota 13an, betiere 15:00etatik 21:00etara. Jaiotzen gehienezko neurriak 125×100 zentimetrokoak behar dute izan eta Olentzerorena 200×150 zentimetrokoa.
Gabon abestien txapelketako partaideek 100 euroko dieta bat jasoko dute. Kategoria bakoitzean zortzi talderi emango diete dieta hori gehienez ere, eta talde gehiago baleude, modu proportzionalean banatuko dute zenbateko hori. Horrez gain, abesbatzen jarduerarako udalaren diru laguntza jasotzen duten abesbatzek 50 euroko saria jasoko dute ere.