Eguberrietako merkatuan parte hartzeko izena eman daiteke
Abenduaren 14etik 15era zabalduko dute eguberrietako merkatua. Bertako saltokietako ordezkariei zein artisautzaren eta sormenaren sektoreetako profesionalei luzatu diete parte hartzeko gonbita.
Eguberrietako opariak erosteko hitzordu aproposa izaten da urtero eguberrietako merkatua. Hondarribiko Udalak eta Bidasoa Bizirikek elkarlanean antolatzen dute eta aurten abenduaren 14 eta 15ean izango da aurtengo hitzordua. Tokiko merkataritza bultzatzeko eta herriko saltokien kalitatea eta erakargarritasuna ikustarazteko helburua du mekatuak. Zentzu horretan, Hondarribian alta emanda dauden txikizkako merkataritza saltokietako ordezkariek, eta artisautzaren arloko eta sormenaren sektoreetako profesionalek eman dezakete izena. Izapideak egiteko epea hilaren 31ean itxiko da.
Antolatzaileek azaldu dutenez, izen emate kopuruak gehienezko kostu kopurua gainditzen badu, horien esleipena zozketa bidez egingo dute azaroaren 4an. Zozketa publikoa izango da. Oinarriak Hondarribiko Udalaren webgunean aurki daitezke.