3.100 kirolarik parte hartuko dute Donibane Lohizune-Hondarribia lasterketan
Igande honetan (hilak 27) abiatuko da Donibane Lohizune-Hondarribia maratoi erdiaren 25. edizioa. Lasterkariak goizeko 10:00etan irtengo dira Donibane Lohizunetik.
Hondarribia Kirol Taldea elkarteak eta Ur Joko Arraun Elkarteak ilusio bereziz antolatzen dute Donibane Lohizune-Hondarribia maratoi erdia. Aurtengo edizioa, akaso, are bereziagoa izango da, mende laurdeneko historia beteko baitu igande honetan lasterketak. Une honetan 3.100 parte hartzaile daude inskribatuta, iaz baino 1.100 pertsona gehiago. Duela aste batzuk agortu ziren dortsalak.
Iaz Pierre Urruty izan zen gizonezkoen kategorian helmugaratzen lehena, 01:09:48ko denborarekin. Emakumezkoetan, berriz, Charlotte Morelek eskuratu zuen txapela 01:25:54 eginez.
10:00etan abiatuko dira lasterkariak eta azkarrenak 11:00ak inguruan helduko dira herrira. Ibilbidea ez da iazko berbera izango, lasterketa Ferdinand Foch plazara (Donibane Lohizune) lekualdatu baitute. Bidean zehar, lau hornitze puntu egongo dira, 5, 10, 15 eta 18 kilometroetan. Hortaz gain, animazioa, kontsignak, dutxak, aldagelak, osasun zerbitzuak eta lasterketara bertaratzeko zein itzultzeko autobusak izango dira.