Marlaxka Xake Klubeko xakelariak lehiara itzuli dira
Larunbatean Gipuzkoako Banakako Txapelketaren bigarren txandak jokatu zituzten eta igandean ordezkari bat izan zuten Anai Emakumezkoen IV. Txapelketan.
Ikasturte berria hastearekin batera bueltan da xakea. Asteburu honetan Gipuzkoako Banakako Txapelketa eta Anai Emakumezkoen IV. Txapelketak izan dira. Azken honetan parte hartu zuen Nora Lera gazteak atzo. Hamaika neskek parte hartu zuten eta sailkapen orokorrean hirugarren izan zen Lera lehia bikaina bururuta.
Aldi berean, larunbatean, Gipuzkoako Banakako Txapelketen bigarren txandak jokatu ziren. Aurten ez dute ez kadeteetan ezta superbeteranoetan ordezkaririk izan. Iaz, kadete mailan klubeko Iker Tafallek eskuratu zuen txapela, eta Josette Fontainek eta maitasunez gogoratzen duten Fernando Hoyosek hartu zuten parte.
Absolutu mailan Patxi Morenok eta Jurgi Diazek, pieza beltzekin, berdinketa lortu zuten Jon Arana eta Aimar Alvarezen aurka. Bigarren mailan, berriz, Gorka Tafallek eta Charles Torrentek euren arteko derbia jokatu zuten. Lehenak irabazi zuen partida. Nora Lerak eta Jon Diazek aldiz, euren partidak galdu egin zituzten gogor borrokatu ondoren. Hirugarren mailan, Errenterian zein Irunen jokatu zituzten partidak eta denetariko emaitzak izan ziren. Errenterian Gontzal Lerak eta Beñat Sagarzazuk beren arteko derbia jokatu zuten, garaipena Lerak eskuratu zuen. Bestetik, Agustin Querejetak, Oier Etxaidek eta Oihan Perezek txapelketako beren lehengo puntua lortu zuten. Jon Irigarayk eta Kimetz Lekuonak bere partida galdu eta Patxi Diazek berdinketa lortu zuen. Irungo zonalean, berriz, Iñaki Barrosek eta Juan Antonio Guerrerok garaipen bana lortu zuten.