Indarkeria matxisten gaineko jardunaldia antolatu du Gaurko Andreak elkarteak
Hilaren 24an (osteguna) egingo dute jardunaldia Palmera Monteron. Kontzientziazioa, ahalduntzea eta formazioa ditu helburu egunak.
Gaurko Andreak Berdintasunaren Aldeko Elkarteak indarkeria matxisten gaineko jardunaldia antolatu du ostegunerako. Palmera Montero gunean egingo dute, Indarkeria matxistak esploratzen: konexioak eta errealitateak izenburupean. “Jardunaldi osatu eta parte hartzailea izango da, genero indarkeriaren gainean ideia trukaketa eta gogoeta egiteko”, esan dute elkarteko kideek. Hala, indarkeria matxistak dituen adierazpideen gaineko kontzientziazioa lantzeaz gain, horiek emakumeen bizitzean nola eragiten duten aztertuko dute, parte hartzaileen artean ahalduntze eta babes giroa sortuz, indartze pertsonalaren bidean. Gainera, indarkeria matxistaren kontra borrokatzeko tresnak eta informazioa emango dute. Hori guztia hainbat adituren ekarpenaren bidez egingo dute.
Goizeko eta arratsaldeko saioak izango dira jardunaldien barruan. 10:00etatik 14:00etara izango da goizekoa, eta 16:00ak eta 20:00ak artean arratsaldekoa. Horietan, hainbat hizlari adituren bidez hainbat gai sakonean lantzeko aukera izanen da. Hizlarien, eta horiek landuko dituzten gaien gaineko informazio osoa izateko egin klik esteka honetan.
Gaurko Andreak elkarteak uste du sentsibilizaziorako, ikasteko, eztabaidarako eta gogoetarako egun interesgarria izango dela ostegunekoa, “genero indarkeriaren kontrako borrokan laguntzeko, espazio seguruak sortzeko, eta elkarlan sareak eratzeko”.