Energia berriztagarriak izango dira hizpide Palmera Monteron
Energia Argituk emango du tailerra hilaren 28an, 18:00etan, Palmera Monteron. Izena aurrez eman behar da.
Energia Argitu programaren baitan, etxebizitzetako energia berriztagarrien instalakuntza izango da mintzagai hilaren 28an, 18:00etan, Palmera Montero eraikineko 5. aretoan.
Programaren helburua Gipuzkoako hainbat sektore ezberdinei energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskura jartzea da.
Mota ezberdinetako energia berriztagarrien berri emango dute tailerrean, norberak bere etxerako bideragarriena zein den jakin dezan. Zehaztu dutenez, plaka fotovoltaikoen bidez energia sortzeari buruz hitz egingo dute batez ere, eta autokontsumo indibidualaren, kolektiboaren eta tokiko energia komunitateen inguruko aukerak azalduko dituzte ikastaroan.
Gainera, Autokontsumo instalazioen gida praktikoa banatuko dute. Autokontsumoari buruzko informazio “praktikoa” ematen du liburuak, eta banakoetan, kolektiboetan eta sorkuntza fotovoltaikoan dago zentratuta.
Tailerrean parte hartu nahi dutenek hilaren 25a baino lehen eman beharko dute izena helbide honetara idatzita edo 605 75 76 87 zenbakira deituta.