Beñat Elzo IX. Mendi Lasterketak Adeles elkartea izango du protagonista
Kirol proba solidarioa da Sport Mundi elkarteak antolatzen duena. Lasterketaren aitzakian jasoko duten diru guztia Gipuzkoako Adeles elkarteak jasoko du.
Gaur goizean egin dute Beñat Elzo IX. Mendi Lasterketaren aurkezpena eta bertan xehetasun guztiak eman dituzte Lupe Queiruga Kirol zinegotziak, Oskar Artola antolatzaileak eta Lisa Garciak, Adeles elkarteko ordezkariak.
Lasterketa antolatzen hasi zirenetik hamaika urte igaro diren arren, bederatzigarren edizioa izango da aurtengoa. Beñat Elzo hondarribiarraren oroimena mantentzeko lasterketa izateaz gain, izaera lagunkidea duen mendi lasterketa da. Urtero gaixotasun gutxitu baten gainean lan egiten duen elkarte baten lana mahaigaineratu hura diruz laguntzen dute. Nahiz eta jende multzo txiki batengana iritsi, halako egitasmoak oso garrantzitsuak direla gaineratu du Lupe Queirugak: “Herritarrengan enpatia sortzeko eta bizilagunek dauzkaten zailtasunak ezagutarazteko”.
Aurten Gipuzkoako Adeles elkarteak jasoko du egun honen baitan bilduko duten diru guztia. Lupus gaixotasuna duten pertsonak laguntzen dituen irabazi asmorik gabeko elkartea da. Gaixotasuna ulertzen eta kudeatzen laguntzen diete bertako kideei, tailerren eta laguntza psikologikoaren bidez, eta aldi berean, gaixotasune zagutarazten lan egiten dute.
Lisa Garciak eskerrak eman dizkio antolakuntzari aurtengo edizioan Adeles elkartea aukeratu izanagatik. Lupusa gaixotasun autoinmunea dela azaldu du segidan, non gorputzak bere sistema inmunitario propioa erasotzen duen. “Organo, zelula, artikulazio odol propioaren… kontra egiten du gorputzak”. Kronokoa eta “oso latza” den gaixotasuna da lupusa, eta egun mina baretzeko botika asko dauden arren, bidea oso luzea dela ziurtatu du. Izan ere, gaixotasuna diagnostikatzeko zailtasunak izaten dituzte pazienteek: “Gorputzak gibela erasotzen badu, ohikoena da gibelarekin zerikusia duten beste zenbait gaixotasun diagnostikatzea. Proba asko egin behar izaten dituzte lupusarekin diagnostikatuak izan arte”. Lupus mota ezberdinak daude, baina bortitzena lupus eritematoso sistemikoa dela azaldu du. Kasu horretan, erreakzioa azalean agertzen da: “Aurpegian -masail eta sudur aldean- tximeleta formadun gorritasuna azaltzen zaie, nahiz eta sistema inmunitario osoari eragiten dion”.
Azaroaren 1eko egitaraua
Domu santuaren egunerako kirol eskaintza anitza antolatzen dute. Goizean zehar hiru proba egingo dituzte: mendi martxa, mendi lasterketa eta familia lasterketa. Lehena goizeko 09:00etan hasiko da. Parte hartzaileek 10 kilometroko ibilaldi bat burutu beharko dute Talaia bidean barrena. Dortsalak San Pedro kaleko Kofradia dendan eros daitezke 15 euroan. Ondoren, 11:00etan, eguneko proba zentralaren txanda izango da. Lasterkariek 10 kilometro eta 750 metroko ibilbidea gauzatu beharko dute. Izen ematea online –Kirol probak-en webgunean– bete beharko da (20 euro). Inskripzioak urriaren 29ra arte izango dira zabalik. Egunean bertan ere izena emateko aukera izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Kasu horretan, baina, lasterkariaren poltsak 30 euroko prezioa izango du. Azkenik, 12:30etan familien lasterketari emango diote irteera. Kasu honetan dortsalak Kofradiaren dendan eskuratu behar dira. Haurrek 5 euro eta helduek 10 euro ordaindu beharko dituzte.
Oskar Artola antolatzaileak azaldu duenez iazko edizioa primeran joan zen: “Eguraldiak errespetatu zigun eta korrikalarien aldetik errekorraren bueltan ibili ginen”. Aurten mendi lasterketako dortsal kopuru aldetik ondo doazen arren, mendi martxan okerxeago doazela azaldu du Artolak. “Ziurrenik familiak eguraldiaren iragarpenaren zain egongo dira”. Hori dela-eta, egiten duen eguraldia eginda ere eta kausa solidario bat den heinean, herritar oro, era batera edo bestera, parte hartzera gonbidatu ditu hondarribiarrak. Kofradiako dendan mendi lasterketako kamisetak eskuratu daitezke, 10 euroan, eta Adele elkarteari bizum solidarioak egin dakizkiokete 10122 kodea erabiliz.
Iragan edizioetan bezala Kirol kaiko arkupeetan arropak uzteko kontsignak ezarriko dituzte eta horien alboan Adele elkarteko ordezkarien postutxo bat ezarriko dute, gaixotasunari ikusgarritasuna emateko informazioa banatzen egongo dira. Aldi berean, paella postu bat ezarriko dute ere. Tiketak Kofradiako dendan erosi beharko dira, 7 euroan.