Koloretako puntaden seigarren topaketa Hondarribian
Hondarribiko Emeki Elkarteak segida emango dio 2018tik antolatzen duen Ehoziri Topaketari. Igandean izango da hitzordua, Jostaldi pilotalekuan. Halako topaketak oso aberasgarriak direla azaldu du Kontxi Galardik.
Igande honetan (hilak 21) 280 farfailari inguru bilduko dira Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan, Emeki Emakume Elkarteak seigarrenez antolatu duen ehoziri topaketaren aitzakian. Elkarteak astelehenero eskaintzen duen farfail edo ehoziri-lanen ikastaroetan parte hartzen du Kontxi Galardik, eta duela sei urtetik topaketa horiek antolatzen aritu da. Ikastaroak eskaintzen dituztenen artean ohitura izaten da inguruko herrietako ehoziri topaketetara joatea, elkar ezagutzeko, pieza ezberdinak ikusteko, eta egiteko moduak elkarbanatzeko guneak izaten direlako. Horietako giroaz liluratuta beren topaketa propioa sortzera animatu zirela kontatu du hondarribiarrak.
Etziko 10:00etan zabalduko dituzte Jostaldiko ateak, eta 14:00ak bitarte arituko dira lanak ontzen eta elkar ezagutzen. «Oso aberasgarria izaten da kanpoko jendeak egiten dituen lanak ikustea. Asko ikasten da. Patroiak, adibidez, ezberdinak izaten dira eta harreman politak sortzen ditugu» azaldu du Galardik.
Urtero gorantz
Urtero-urtero farfailari kopuru handiagoa bertaratzen da topaketara. Inguruko herrietakoak gerturatzeaz gain, bada bide luzeagoa egiten duenik ere. Aurten adibidez, Mallorcatik, Badajozetik eta Salamancatik etorritako farfailariak jasoko dituzte. Ezkontzako zapiak, abanikoak, xalak, mantoiak… eta beste hainbat gauza egin daitezke josteko teknika horren bidez. Bakoitzak azken hil edo asteetan esku artean izan duen pieza ekartzen du topaketara. Gisa honetako topaketak, gainera, aproposak izaten dira hurrengo lana zein izango den erabakitzeko. Ideiak hartu eta patroi zein hari berriak erosten dituzte. «Herritako dendetan ez da ezer egoten, halako topaketetan erosi behar izaten dugu», jakinarazi du antolatzaileak. Hori dela-eta, aurten sei denda ezarriko dituzte pilotalekuan. Horietako hiru Madrildik, Kataluniatik eta Cacerestik etorriko dira.
Goizean zehar udal ordezkariek bertaratu direnei harrera egingo dietela azaldu du Galardik, eta goiz erdian Arma Plaza Fundazioak emandako poltsa batzuetan hamaiketako bat banatuko dutela, txistorra pintxo bat eta Pasquierrek emandako opiltxo bana izango duena. Gainera, oroigarri gisa, eskuz egindako eta apaindutako ehoziri egur bana jasoko dute ere bai. Eguerdian topaketari ginga jartzeko Hondarribiko dendek emandako oparitxoak zozkatuko dituzte. Parte hartzeko goizean bertan salgai izango dituzten txarteltxoak erosi beharko dira.
Herritarrak gerturatzeko gonbita luzatu dute elkartetik, eta probatzeko jakin-mina duenak Emekik eskaintzen duen ikastaroan izena eman dezake oraindik. Arantxa Sistiagak gidatzen du taldea, eta astelehenero biltzen dira bi orduz.