San Nikolas baluartea berreskuratzeko urratsak egin ditu udalak
Villa Mendia etxearen lurretan dagoen baratzearen erosketa egin eta exekuzio proiektua idazten aurki hasiko dira.
Hondarribiko Udalak proiektu berri bat du eskuartean. Miren Ayerbe udal arkeologoarekin elkarlanean San Nikolas Baluartea berreskuratzeko lanketa egiten ari dira. Hori dela-eta, duela gutxi, baratzak bertatik bertara ikusteko bisita bat egin zuten Estitxu Urtizbereak (Abotsanitzen ordezkari gisa), Igor Enparan alkateak, Gonzalo Carrionek (EAJren bozeramailea) eta Garoa Lekuonak (EH Bilduren bozeramailea).
Irailaren 3an leku hartu zuen osoko bilkuran aho batez onartu zuten udalak Uria harresia kaleko Villa Mendia etxearen lurretan dagoen baratzea eskuratzea. Denbora honetan beharrezkoak ziren izapide administratibo guztiak burutu, eta 182.520 euroko inbertsioa egin ondoren, lur eremua udalaren ondarearen parte bilakatu da. Hurrengo pausoa exekuzio proiektua idaztea izango dela jakinarazi du Igor Enparan alkateak.
Agintaldi planean jasota dagoen proiektua “ekintza garrantzitsua” dela adierazi du alkateak. Harresia birgaitzeaz eta hura balioan jartzeaz gain, udalaren asmoa eremua Alde Zaharrarekin integratzea da,. Era horretan, hondarribiarrentzako espazio berri eta ireki bat sortuko dute.
Miren Ayerbek zehaztu duenez 1.530 urtea baino lehen eraiki zuten San Nikolas baluartea, eta oso argi ez badago ere, trazatzailea Gabriel Tadino de Martinengo izan litekeela uste da. Pertsona esanguratsua zela gaineratu du Ayerbek: “Ingeniari militar italiarra zen eta Karlos I.ren zerbitzurako Artilleriako kapitain nagusia eta Espainian baluartedun gotorlekuaren sistema sartu zuen pertsona izan zen”.
Indusketa lanak hasi gabe dauden arren aztarnak aurkitzeko itxaropentsu agertu da udal arkeologoa. “Seguruenik San Nikolas egituraren barne banaketa osoaren eraikuntza aztarnak egongo dira: kanoiz zuloak, eskailerak, patioak komunikatzeko igarobideak…”. Dena den, helburu nagusia trantsizio aldiko San Nikolas kuboaren aztarnak dauden ikustea dela onartu du.