Prozesua nolabait arintzeko, Katxalin
Bularreko minbizia edo minbizi ginekologikoa duten emakumeen elkartea da Katxalin. Gaixoaren eta familiaren sostengu dira, eta laguntza psikologikoa eta ikastaroak eskaintzen dituzte, besteak beste.
Bularra guruina da, substantzia garrantzitsu bat osatzen duen ehunaren egitura; eta funtzio bat du horrek. Lobuluetan esnea ekoizteko dago diseinatuta bularra, eta esne hodiak erabiltzen ditu titiburuaren esnea ateratzeko.
Gorputzeko gainerako atal guztien antzera, bularretako zelulak hazi egiten dira normalean, eta atseden hartzen dute gero. Hain zuzen hazkunde eta atseden aldi horiek dira geneen nukleoak kontrolatzen dituenak; alegia, zelula bakoitzak bere nukleoan kontrol gela bat izango balira bezala funtzionatzen dute aldi horiek.
Geneek behar bezala lan egiten dutenean zelularen hazkundea ere behar bezala kontrolatzen dute; alabaina, gene horiek anormaltasunen bat garatzen dutenean hazkunde eta atseden aldiak kontrolatzeko gaitasuna galtzen dute. Bularreko minbizia, beraz, zelulen kontrolik gabeko hazkundeari deritzo.
Gelditu egiten da mundua diagnostikoa jasotzean; hankaz gora jartzen da bizitza, eta askotan ezustean harrapatzen du minbiziak. Laguntza psikologikoa eskatzen du askotan egoerak eta baita prozesuak ere, eta bide berri horretan besteak beste laguntza hori emateko daude Katxalin bezalako elkarteak.
Zazpi bazkidetik zazpiehunera
1987. urtean sortu zen elkartea, Donostiako onkologikoko gizarte laguntzaileen ideia bati tiraka. “Ikusi zuten emakumeei bularreko minbizia diagnostikatzen zietenean, eta tratamenduaren prozesuan zeudenean, bazutela beharra egoera berean zeudenak elkarrekin egoteko. Talde bat animatu zen, eta zazpi-zortzi emakume elkartu ziren”, kontatu du Edurne Iruin Katxalin elkarteko langileak. Egun, ordea, 750 bazkide inguru ditu laguntza elkarteak. Donostian dute egoitza nagusia, baina Gipuzkoan zehar badituzte ordezkaritzak “gaixoei dena errazte aldera”. Bergaran, Legazpin, Ordizian eta Zumarragan dituzte horiek.
Gipuzkoako Emakume Mastektomizatuen Elkartea izenarekin sortu zen taldea, eta bularreko tumore-gaixotasun bat izanda, tratamendu espezifikoak (kirurgia mastektomiarekin edo gabe, kimioterapia, erradioterapia, hormonoterapia…) hartzen ari ziren edo hartu zituzten emakumeei laguntzeko helburua zuten.
Haatik, bistan denez, handitzen joan da elkartea, eta 1999tik tumore prozesu ginekologikoa jasaten duten emakumeak ere artatzen dituzte. Harrezkero Katxalin Bularreko eta Ginekologiako Minbiziagatik Eragindako Emakumeen Elkartea da.
Iruinek azaldu duenez, informazioa emateaz arduratzen dira batez ere elkarteko langileak, bai gaixotasunaren inguruan eta baita dauden errekurtsoen inguruan ere: mastektomia bat egiten zaienean zein protesi eros dezaketen, zein bestelako aukera dituzten, tratamenduaren ondorioz ilea galtzen dutenek ileordeak non eros ditzaketen, Osakidetzak zein laguntza dituen… Laguntza psikologikoa ere eskaintzen dute, bai gaixoarentzat eta baita haren familiarentzat ere.
Eta eskaintzen duten laguntza handia dela badirudi ere, ez da hor amaitzen Katxalinen egitekoa, ikastaro ezberdinak ere antolatzen baitituzte. “Gainera, puntualki, ikusten ditugun beharren edo interesen arabera bestelako ikastaro edo hitzaldiak ere antolatzen ditugu”, gaineratu du Iruinek.
Auto-azterketa, funtsezkoa
Aurrekari familiarrak, hormona faktoreak, bularreko biopsietan izandako aldaketak, alterazio genetikoak, ugalketaren eta hilerokoaren aurrekariak, bularraren dentsitatea eta dieta zein bizimodu sedentario bat izatea dira, besteak beste, bularreko minbizia izateko arrisku faktore nagusiak. Ildo horretatik, Iruinek erantsi du zenbat eta elikadura garbiagoa izan eta kirola egin, minbizi mota hori izateko arrisku faktoreak murriztu daitezkeela. “Zorionez, gaur egun bularreko minbizia nahiko kontrolatuta dago. Badira kasuak hasiera batetik metastasikoak direnak eta ez direnak zail direnak kontrolpean izatea”. Eta hari horri tiraka auto-esplorazioaren garrantzia nabarmendu du Iruinek.
Emakumeei hilekoa etortzen zaien momentutik prebentzio neurriak hartzearen garrantzia nabarmendu du Katxalinekoak. “Ikusten baldin bada edozein bulto txiki dagoela titietan; pezoiak edo areolak kolorez aldatzen direla; azala gorritu egiten dela; pezoia barneratu egiten dela; pezoia tamainaz aldatzen dela; esnea ez den beste likidoren bat ateratzen dela… Edozein sintoma txikirekin komeni da medikuarenera joatea”.
Euskal Autonomia Erkidegoan Osakidetza arduratzen da bularreko minbizia garaiz atzemateko kanpainaz, eta batez ere 49 eta 69 urte arteko emakumeei dago zuzenduta kanpaina hori. “Kanpaina horren kronograma jarraitzen dugun elkartean, eta saiatzen gara jendea kontzientziatzen eta kanpainan parte hartzera bultzatzen. Bizkai, Araba eta Gipuzkoan, zorionez, errekurtso nahiko onak ditugu. Hala ere, egunerokoan norberak ondo ezagutzen ditu bere bularrak. Horregatik da garrantzitsua auto-esplorazioa egitea, bularrak ondo ezagutzea eta edozein aldaketa txiki dela medikuarengana joatea”.
Badaezpada, medikura
Iruinen arabera, geroz eta goizago atzeman bularreko minbiziaren sintomaren bat, orduan eta aukera handiagoa dago sendatzeko. Gainera, nabarmendu du Osakidetzaren kanpaina «oso serioa» dela, eta atzematen dituzten kasu asko hasieran atzemandakoak direla. “Garai batean bularreko minbizi kasuetan ia automatikoki bularra kentzen zen. Mastektomia bat egiten zen, eta bistakoa da hori gero eta gutxiago egiten dela, bularreko minbizia gero eta goizago atzemateko aukera daukagulako. Aldaketa horiek, beraz, ez dira horren traumatikoak izaten”.
Bularreko minbizia diagnostikatu dioten edozein pertsonak du aukera Katxalinera joateko. Bertaratu eta elkarrizketa bat egiten zaio lehenik gaixoari, eta interesdunari eskaintzen dituzten zerbitzuen berri ematen diote. Hala ere, Iruinek argi utzi nahi izan du Katxalinek bularreko minbizia eta minbizi ginekologikoa duten emakumeak artatzen dituela.
Bularreko minbiziaren nazioarteko egunaren barruan hainbat ekitaldi antolatu dituzte elkartekideek; hala nola hitzaldiak, ikastaroak eta Donut solidarioak kanpaina.