Euskarazko zinema berriro eta doan Mendibilgo aretoetan
Urritik abendura bitartean euskarara itzulitako hamar filma ikusteko aukera egongo da. Gonbidapenak udalaren orrialdean lortu beharko dira.
Hirugarrenez, Zinema haur eta gazteentzat zinema zikloa egingo da Irungo Mendibil merkataritza gunean dagoen OCine zinema aretoetan. Irungo Udaleko Euskararen Erabilera Sustatzeko eta Normalizatzeko Zerbitzuko ordezkari Jon Ugartek eta Maialen Pikabea Euskara teknikariak egin du gaur aurkezpena.
Guztira, hamar pelikula eskainiko dizute urritik abendura bitartean, 16:00etan betiere, eta sarrera doakoa da gonbidapenarekin. Horretarako, asteburu bakoitzeko aurreko asteleheneko 14:00etatik ostiraleko 14:00etara Irungo Udaleko orrialdera joan beharko da. Aurreko edizioetan ez bezala, oraingoan ez dira zertan fisikoki eskuratu beharko sarrerak, eta online lortu beharko dira. Pertsona bakoitzak lau ahalko ditu eskuratu gehienez.
Ostiralerako banatu ez diren sarrerak zinemetako leihatilan egongo dira eskuragarri, proiekzioa hasi baino ordu erdi lehenago, 15:30ean, hain zuzen. Gonbidapenak direnez “arduraz jokatzeko” eskaera egin dute beste behin, eta ezin bertaratzekotan, leihatilan abisatzeko edota euskara@irun.org helbide elektronikora idazteko eskatu dute.
Programazioa
- Hilak 26, larunbata: Alan Giza Antena.
- Hilak 27, igandea: Central Parkeko Heroiak.
- Azaroak 9, larunbata: Lagunak erreskatera.
- Azaroak 10, igandea: Museoaren zaindariak.
- Azaroak 16, larunbata: Boo Kwai eta museoaren lapurreta.
- Azaroak 17, igandea: Deep Sea. Sakontasunera bidaia.
- Azaroak 23, larunbata: Robotia.
- Azaroak 24, igandea: Elkano. Lehen mundu bira.
- Azaroak 30, larunbata: Liztor kapitaina.
- Abenduak 1, igandea: Barraskiloa eta balea.