Egungo kirol eredua astintzera Itaiarekin
Pandemiatik gaur egunera kirola egiteko ereduetan nagusitasun batzuk identifikatu dituzte Sara Mariezkurrena psikologoak eta Ane Bayo entrenatzaileak, eta haiei buruz hausnartzera eseriko dira gaur Larragane ostatuan, 18:00etan.
Nolakoa da egungo kirol eredua? Zeintzuk dira bere funtzioak? Edota, nolako eragina dauka horrek gure bizitzan? Galdera horiek abiapuntutzat hartu, eta egungo kirol ereduez hitz egiteko mahai-ingurua egingo dute gaur Larragane ostatuan. Bidasoko Itaiak antolatu du eta Sara Mariezkurrena psikologoak eta Ane Bayo goi errendimenduko kirolari ohi eta entrenatzaileak hitz egingo dute. Hitzordua 18:00etarako ezarri dute.
Gai horri heltzeko nahia «gehiegi landu ez delako» suertatu zaie bi adituei, eta badagoela zer hitz egin uste dute. Mariezkurrenak mahai gaineratu du kirola egitea askotan osasunarekin «estali» egiten dela, baita jendeari eman ahal dizkion ezaugarriekin ere, «baina horren atzean aztertu behar da zer lortzen den kirol eredu honekin», azaldu du psikologoak. Izan ere, lehiakortasuna eta indibidualismoa kirola egitearen menuaren parte dira Mariezkurrenaren arabera. «Kirolarekin zerikusia duten jarrera asko daude lotuta arriskutsuak izan daitezkeen jarrerekin», esan du, eta eredu gisa jarri ditu gimnasioetan gerta daitezkeenak, edo elikadura osasunarekin ematen direnak, adibidez, elikadura nahasteak, gorputz irudiarekin duten dismorfiak, edota norbere gorputza inoiz ez atsegin ikustea.
Bayok kirola egitearen «estereotipo guztiak» hausteko xedez, Anerenak emakumeentzako korrikalari taldea entrenatzen du. Talde hori goi errendimenduko mundutik atera nahian sortu zuen, eta kirola egiteko eredu nagusienetatik irteteko. «Nire helburu nagusia ez da marka on bat egitea edo marka hobetzea, baizik eta espazio bat ematea emakume guztiei kirola egiteko, izan azkarragoa edo motelagoa». Esperientzia hartatik eta aztertutakotik ikasitakoa plazaratzera joango dira gaur Bayo eta Mariezkurrena.