Udal gobernuak proposatutako adierazpena "integratzaileagoa eta enpatikoagoa" izan behar dela uste du EAJk
Bularreko Minbiziaren Munduko egunaren harira, bigarren urtez jarraian, bere aldetik egin ditu adierazpenak Hondarribiko EAJk.
Bularreko Minbiziaren Munduko egunaren harira, bigarren urtez jarraian, bere aldetik egin ditu adierazpenak Hondarribiko EAJk. Udal gobernuarekin adostasunera heltzeko dituzten zailtasunak nabarmendu dituzten arren, orokorrean gaiari buruzko ideia bat partekatzen dutela adierazi dute: ikerketa lehentasunezkoa dela.
Adierazpena ez sinatzeko arrazoiak bi izan dira. Lehenak egun honen harira egiten diren keinu arrosekin du zerikusia. Abotsanitz, PSE-EE eta EH Bildu “irudi garbiketa arrosaren” aurka agertu dira adierazpenean, baina batzar nagusietan EH Bilduk gaixotasuna duten pertsonekiko hurbiltasun keinu batean parte hartu duela salatu du EAJk. “Sinboloari eta ordezkatzen duen guztiari emandako babesa protagonista izan da Gipuzkoako kolore politiko guztietako udal askotan. Zergatik ez da posible Hondarribian?”. Hortaz gain, testuaren estiloa gogor kritikatu dute, “oroitzapenaren sinbolismoa” kritikatzen dela uste baitute.
Bigarrenak, berriz, osasun sistemarekin du zerikusia. Gainontzeko udal taldeek sinatutako adierazpenean osasun sistemaren inguruan “ezkortasunez” eta “negatibotasunez” hitz egiten dela iritzi dute. Zentzu horretan, Osakidetzak detekzio goiztiarreko sistema eta onkologia zerbitzua dituela gogorarazi dute, eta “ziurrenik hobetu daitekeena” dela aitortu duten arren, esandakoekin deseroso sentitu dira. Hori dela-eta, Osakidetzaren Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko programaren azken urteetako datuak eman dituzte: “Osakidetzaren Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko programak 13.000 emakume baino gehiagori minbizia detektatzeko aukera eman die, 2.600.000 mamografia egin ondoren. 50 eta 69 urte bitarteko emakume guztiei zuzenduta dago, baita familia aurrekariak dituzten 40 eta 49 urte bitarteko euskal emakumeei ere. Behaketa goiztiar horri esker, 230 minbizi detektatu ziren iaz Gipuzkoan”.
Bukatzeko, udal gobernuak proposatutako adierazpena gaixotasuna duten pertsonekin, haien zaintzaileekin eta profesionalekin “integratzaileagoa eta enpatikoagoa” izan behar zela helarazi dute.