Bularreko Minbiziaren Munduko egunaren harira adierazpena sinatu dute Abotsanitzek, PSE-EEk eta EH Bilduk
Adierazpenean gaixotasunak duen gordintasuna nabarmendu eta osasun publiko irisgarrirako politikak egitea funtsezkoa dela aldarrikatu dute.
Bularreko Minbiziaren Munduko Eguna izango da bihar eta egun horren harira adierazpena sinatu dute Hondarribiko Udalean ordezkaritza duten Abotsanitzek, PSE-EEk eta EH Bilduk. EAJk ez du testuarekin bat egin nahi izan eta beren idatzi propioa plazaratu dute.
Adierazpenean gaixotasunak duen gordintasuna nabarmendu dute udal taldeek: “Bularreko minbizia da emakumeen artean diagnostikatuena. Gainera, tumore mota horrekin hiltzen dira emakume gehienak -6.677 emakume 2023an-. Urtetik urtera kopuruak handitzen ari dira, eta Sociedad Española de Oncología Médica (SEOM) delakoak dioenez, 2024n 36.395 kasu berri diagnostikatuko dira”.
Zentzu horretan, ikerketa lehenestea beharrezkoa dela adierazi dute udal taldeek. “Beharrezkoa da gaixotasuna hobeto ulertzea eta tratamendu hobeak garatzeko gehiago ikertzea”. Horretarako osasun publiko irisgarrirako politikak egitea funtsezkoa dela iritzi dute eta bat egin dute eztabaida hori elkarrizketa publikoa bihurtzea eskatzen duten minbizi diagnostikoa izan duten pertsonen eta elkarteen aldarrikapenekin.
Azkenik, sustapen kanpainetan, ekitaldietan eta ikus-entzunezko publizitatean erabili izan den “irudi garbiketa arrosa” gaitzetsi dute, horiek “gaixotasunaren egiazko aurpegia” azaltzen ez dutela iritzita.