«Minbizi desberdin bat marrazten dut hilabete bakoitzeko»
'Bizi Min Bizi' proiektuarekin dabil Miren Gonzalez artista. Hilean behin Donostiako Ospitalera joan, eta minbizi desberdinen zelulen zirriborroak marrazten ditu, ondoren irudietan gehiago sakontzeko.
Gertuko pertsona bati minbizia diagnostikatzea «zaplaztekoa» izan zen artistarentzat. Gaixotasun horri bere ekarpena egin nahian, liburu batean topatu zuen gaixotasuna irudikatuta ikusteak eragin positiboa duela jarreran. Bederatzi hilabete darama zelulak marrazten eta ikertzen.
Ber proiektuarekin modu bidimentsionalean aritu zara ia bederatzi urtez. Proiektu hori bukatutzat eman zenuen. Nolatan?
Nire lan egiteko modua seriez serie da, eta orduan, serie asko egin ditut: Saharakoa, lur azpikoa, Jabier Muguruzarekin kolaborazioa Fiordoan… Urte asko daramatzat horrela lanean, aukeratzen dut gai bat eta sakonean egiten dut horretan lan. Sentitze bat da proiektua bukatzearena. Lan egiteko ilusioa jaisten doa, eta momentu batean ez daukazu horretan jarraitzeko ilusiorik. Agian, egia da, proiektuarekin beste bide bat hartu nezakeela, baina nire bizitzan potentzia handiko zerbait gertatu zen: nire oso gertuko pertsona batek bularreko minbizia dauka.
Hartara, Bizi Min Bizi proiektuari ekin zenion. Zein asmorekin?
Zaplazteko bat izan zen minbizia nire bizitzan sartzea. Ez dakizu oso ondo zer egin. Irungo Marte estudioan nago, eta ezin nuen burutik kendu minbiziarena. Orduan, minbiziari buruzko gauza asko irakurtzen eta ikusten hasi nintzen. Irudiak, informazioa, liburuak… Irudiek asko erakartzen naute, eta ikusi nuen oso plastikoa izan zitekeela artistikoki. Badago liburu bat Recuperar la salud (Osasuna berreskuratu) izenekoa, eta bertan jasota dago paziente batek bere gaixotasuna bisualizatzen baldin badu, aldatu daitekeela bere jarrera positiboa izatera. Baieztapen honekin oso kontuz ibili behar da. Ni ez naiz inoren salbatzailea, baina ikusi nuen nire bidea izan zitekeela. Hau da, norbaitek nahi baldin badu bisualizatu, zergatik ez nire bidez? Ezin nuen ideia hori burutik kendu, eta hasi nintzen irudiak ikusten Interneten, baina horrelako proiektu indartsu bat ez nuen abiatu nahi soilik Interneten ikusitakotik.
Nondik hasi zinen?
Donostiako Ospitalean sartzeko prozesuari ekin nion, mikroskopiotik zelulak begiratu eta zuzenean marraztu nahi nituelako. Dagoeneko bederatzi hilabete daramatzat ospitalera hilabetean behin joaten, eta minbizi desberdin bat marrazten dut hilabete bakoitzeko. Gero, estudiora etortzen naiz marrazki horiekin, eta ideia garatzen dut.
Mikroskopioaren aurrean jarri eta orriari begiratu gabe marrazten aritzen zara. Teknika berria da zuretzat?
Donostiako Artelekuko zaharberritze departamentuan probatuta neukan mikroskopioa, baina orain dela urte asko. Orain, ospitalean sartzen naiz, anatomia patologikora iritsi, eta han zein giro dagoen ikusten dut. Izan ere, medikuntzako giroa arrotza da niretzat, ez da nire giroa, ni sartzen naiz haien giroan. Filtro bat naiz, eta nigandik ateratzen den marrazki batean jasotzen dut esperientzia hori guztia.
Oso urduri joan nintzen ospitalera lehenengo egunean, presio handia sentitzen nuen mediku batek artatu behar ninduelako, gauzak azaldu behar zizkidan, eta gero mikroskopioan jarri. Behin bizpahiru marrazki egin nituenean lasaitu egin nintzen, ondo moldatzen nintzela ohartu nintzelako. Mikroskopiotik begiratzen duzunean ezin duzu ia-ia burua mugitu. Milimetro bat mugitzen baldin baduzu, desfokuratu egiten da, eta hori tentsioa dakarren kontua da.
Beraz, asmoa ez da izan interpretazio zehatz bat egitea, ezta?
Fase desberdinak ditu lan honek. Ospitalean izaten ari da lehenengoa, minbiziak zuzenean begiratzea. Apunteak hartzen ditut marrazkien eta testuaren bitartez. Minbizi bakoitzaren arabera apunteak desberdinak dira, eta modu eskematikoan marrazten ditut. Lehenengo fasean ulertu nahi izaten dut, eta kasu honetan, nola antolatzen diren zelula horiek da ulertu nahi dudana. Hilabetean behin egiten dut, medikuak azaldu zidalako gorputza atal desberdinetan dagoela banatuta, auzoak izango balira bezala, eta auzo bakoitzean zelula antzekoak daude baina ezaugarri desberdinekin. Horregatik, beraiek badakite ea ikusten ari diren zelula pankreakoa, bularrekoa edo azalekoa den. [Estudioan zintzilik dauden marrazki bakoitzean irudikatutakoa azaltzen hasi da]. Desberdinak zirela ikustean pentsatu nuen hilabetean behin minbizi desberdin bat marraztu nezakeela. Azkenekoa pankreakoa izan da. Medikuari nik esaten diot zer egin dudan orain arte, eta berak eta bertako egoiliarrek prestatzen didate hurrengoa. Oso harrera ona dauka proiektuak, eta oso harrituta nago.
Ospitalera sarbidea zaila izan zen?
Proiektu hau buruan sartu zitzaidanean, lagun dudan erizain bati kontatu nion nire harrikada, eta zaila izango zela esan zidan. Baina, beti badaude irekiagoak diren pertsonak, eta horren bila joan nintzen. Azkenean, ospitalera sartzea lortu nuen Manuel Moreno medikuari esker. Hark esan zidan hara sartzeko aukerak bazeudela. Izan ere, anatomia patologikoaren departamentua ez da toki aseptiko bat. Dena den, txukun ibiltzen naiz, eta teknika lehorra erabiltzen dut.
Proiektuari Bizi Min Bizi Cerca Cancer izena jarri diozu.
Bai, oso bitxia da euskaraz nola den: min bizia. Gaztelaniazko hitzak pisu izugarria dauka, agian euskarazkoak baino gehiago. Aurretik bizi hitza gehitu diot positibo bilakatzeko kontzeptua. Polita iruditu zitzaidan, gustatu zitzaidan. Iñurri taldearen podcastak asko entzuten ditut, asko gustatzen zait beraien estilo eta haietako batek zoriontzeko idatzi zidan. Harremanak estutzen ari naiz. Duela gutxi haiei ere entzun nien bizi min bizi esaten. Hil arte bizi ere esaten dute.
Frogatu ahal izan duzu zure irudiek gaixoen artean jarrera positiboagoa eragin ote duten?
Tailer bat egin dut nire estudioan minbizia pasa dutenekin, eta dutenekin. Nire gertuko pertsonaren yoga taldeko kideak dira, eta talde oso jatorra daukanez, hona etortzea proposatu zien, eta animatu ziren. Zortzi emakume etorri ziren, irakaslearekin batera. Zoragarria izan zen. Mihise batzuen gainean josi zuten, adibidez. Pertsona hauei proiektua azaldu nien, eta asko gustatu zitzaien. Ez ziren atzera bota, guztiz kontrakoa, ausardiarekin irudiak komentatzen hasi ziren. Ez dakit zertarako balio izan zuen, baina jendeak idatzi dit oso pozik eta oso positibo atera zela tailerretik. Beraz, agian tailerrekin jarraituko dut. Baikor izatea badakigu zeinen garrantzitsua den eta.
Tailer hori hemen egiteak nire proiektuarekin lasai egoteko eta babesa sentitzeko balio izan dit. Jasotako harreraren ondoren, guztiz lasaitu nintzen, «talde bat gara», esan nuen. Elkarrekin egingo ditugu gauzak. Aurrera jarraituko dut hainbat urtez, baina proba hori egitea beharrezkoa zen niretzat.