Hondakinen eta uraren tarifa berriak onartu ditu Txingudiko Zerbitzuakek
Birtziklapena sustatzeko eta entitatearen inbertsio gaitasuna berreskuratzeko egokitu dituzte tarifa berriak.
Gaur goizean egin dute Mankomunitateko Ohiko Batzarra, eta bertan birtziklapena sustatzeko eta entitatearen inbertsio gaitasuna berreskuratzeko hondakinen eta uraren tarifa berriak onartu dituzte. Neurri horiek, lehendik zeuden azpiegiturak berritzeko, beharrezkoak diren azpiegitura hidraulikoak hobetzeko, euri-ur deposituak eraikitzeko, ur zikloa digitalizatzeko edo kolektoreak berritzeko aukera emango dute. Tarifa berriak 2025etik aurrera aplikatuko dira.
Mankomunitateak erronka berriak ditu eta horiei aurre egiteko hiru urtez izoztuta egon diren tarifak doitzea erabaki dute. Hondakinen tarifa berriei dagokienez familia jasangarrientzat, hau da, materia organikoa bereizten duten familientzat, %5 igotzea onartu dute. Hortaz, urtean 7 euro gehiago ordaindu beharko dute. Organikoa bereizten ez duten familiei aldiz, %12ko igoera aplikatuko zaie.
Leire Zubiturrek, Txingudiko Zerbitzuakeko gerenteak, azaldu duenez tasaren hazkunde lineala jarraitzea aukeratu izan balute familia guztien igoera %10,60koa izango litzateke, baina edukiontzi marroiaren erabilera sustatzen jarraitzeko helburua dutenez, tarifen bereizketa metodoari eustea erabaki dute. Hala, familia jasangarriek urtean 147,84 euro ordaindu beharko dute eta bereizketa egiten ez duten familiek 272,88 euro. Hau da, 125,04 euro gehiago. Aldi berean, egoera zaurgarrian dauden familientzako laguntzak aktibo jarraituko duela ziurtatu dute. Baldintzak betetzen dituzten familiek %50eko beherapena jasoko dute.
Uraren zikloari dagokionez, 2025erako %5eko igoera onartu dute. “Denbora onetan kontsumigarriak, energia eta kanpo zerbitzuen kostuak nabarmen igo dira eta ezinezko bihurtu da aurreko prezioak mantentzea” adierazi du Zubiturrek. Hori dela-eta, familia batek hilero euro bat baino zertxobait gehiago ordainduko du aurrerantzean. Hasiera batean igoera %15ekoa izatea aurreikusi zutela jakinarazi du gerenteak, baina azkenean igoera gradualki egitea adostu dutela.