Biok Txingudik garaipen zaporearekin hasi du denboraldia
Eibarri irabazi zioten partidaren erdialdean markagailua irauliz. Aldiz, Zaisa Txingudiko jokalariek defentsa eskasa medio, porrotarekin itzuli ziren Iruñetik.
Eibarren izan dira Biok Txingudiko neskak asteburu honetan, eta 26 eta 38 irauli zuten markagailua, garaipenerat. Gainera, partidaren erdia baino gehiago galtzen joan ziren, baina partidaren urduritasunak gaindituta, ezin hobean bukatzea lortu zuten. Kontutan hartu behar da debuta egin zuten jokalari asko zelaieratu zirela eta beraientzat ohikoa ez den modalitatean jokatu behar izan zutela, hamabi jokalariko errugbian, alegia.
Zortzigarren minutuan Naroa de la Fuenteren entsegu batekin aurrea hartu bazuten ere, etxekoek azkar aurkitu zituzten Txingudiren defentsako ahulguneak eta hiru entsegu eraldatu lortu zituzten emaitza 21 eta 5ekoan jartzeko. Atsedenaldira iritsi baino lehen, Enara Arrutik egindako eta eraldatutako entsegu batekin, aldea murriztu zen (21-12).
Bigarren zatian, Biok Txingudik aldea oraindik gehiago murriztea lortu zuen Paola Vegaren entseguarekin, Enara Arrutik eraldatu zuena (21-19). Baina Arrasate/Eibarrek amore emango ez zuela erakutsi zuen beraien laugarren marka gauzatuz (26-19).
Hogei minuturen faltan eta garaipena hain gertu izateak txipa aldarazi zien Irungoei eta jokaldiak, pixkanaka, ateratzen joan ziren. Honela, azkeneko hamabost minutuetan, Paola Vegak, Lea Etxebarrietak eta Alba Saizek lortutako hiru entsegu eta Enara Arrutiren bi eraldaketekin, amaierako 26 eta 38a lortu zuten.
Biok Txingudi ordezkatu zuten jokalariak Saioa Gartzia, Alazne Macicior, Maddalen Alberdi, Maddi Garmendia, Sandra Ramos, Lea Etxebarrieta (kapitaina), Enara Arruti, Alba Saiz, Lur Gaston, Naroa de la Fuente, Miren Fernandez, Ane Novo, Lucía Duran, Garazi Santos, Maren Santa Cruz, Haizea Rodríguez, Lohitzun Aia, Paola Vega, Udane Diez, Irati Beraiz, Camille Buros, Laida Rodríguez eta Lupe Pescador izan ziren.
Zaisa Txingudiren defentsa ez zen nahikoa izan Iruña gelditzeko (6-51)
Lesioek eta azken orduko bajek talde oso ahuldu zelairatu behar izatea behartu zion duintasun handiz jokatu zuen taldeari. Aitor Asurmendi (kapitaina), Xabi Sánchez, Aritz Rodriguez, Jeno Kocsis, Imanol Rodriguez, Hodei Guerrero, Ioritz Franco, Lutxo Etxebarria, Odin Gutierrez, Ekain Hiribarren, Mikel Genua, Pablo Besga eta Alberto Robleda izan ziren kamiseta beltz-txuria defendatu zutenak.
Nafarrak baino jokalari gutxiago izateak ez zituen etxekoak kikildu, defentsaren antolaketan eraginkorrago eta plakajeetan gogorrago aritu behar izan bazuten ere. Laugarren minutuan, zigor kolpe bat baliatuz, Lutxo Etxebarriak hiru puntu lortu zituen etxeko taldean aurretik jarriz (3-0). Hala ere, Iruñaren kontraeraso azkarrak pixkanaka gailentzen joan ziren eta entseguak lortzen joan ziren iruindarrak, atsedenaldira 24 puntuko aldearekin iritsiz (3-27).
Markagailuak ez zuen batere islatzen zelaian gertatzen ari zena; Iñigo Camareroren mutilek konfiantza handia izaten ari ziren haien jokoarengan eta bisitariak gero eta urduriago zeuden defentsaren presioak jokaldi asko zapuztu baitzituen. Bigarren zatian, ildo beretik jarraitu zuen bi taldeen jokoak eta Zaisa Txingudik aldea murrizteko aukera izan zuen Ekain Hiribarrenek ostikatutako zigor kolpe baten bidez.
Irungoen entsegua oso gertu egon zen, baina entsegu eremutik gertu egindako akatsek metroak galarazi zizkien, puntuak gehitzeko aukera bertan behera utziz.
Azkeneko minutuetan, egindako lan gogorrak ondorioak izan zituen eta defentsan tarteak uzten joan ziren bidasoarrak. Iruñak egoera aprobetxatuz, aldea handitzen joan zen 6 eta 51ko markagailua lortu arte.
Gazteen asteburu gazi-gozoa
Txingudiren 18 urtez azpiko jokalariek, Bera Bera eta Baztanekin batera taldea osatzen dutenak, nabarmen galdu zuten Getxon 86 eta 0 markagailuarekin.
Bestalde, 16 urtez azpiko taldeak ligako bigarren garaipena lortu zuen Iruñan La Unicaren aurka 26 eta 49 irabaziz.