"Hispanitatea genozida da", esan dute Irunen
Irunen ez dagoela «deus ospatzeko» aldarrikatzeko deia egin dute Bidasoa Antifaxistak, Lakaxita Gaztetxeak eta Bor-Bor hausnarketa kolektiborako plazak
Gaurkoa Hispanitatearen Eguna da. Irunen ez dagoela «deus ospatzeko» aldarrikatzeko deia egin dute Bidasoa Antifaxistak, Lakaxita Gaztetxeak eta Bor-Bor hausnarketa kolektiborako plazak. Horri jarraiki, elkarretaratzea egin dute eguerdian Zabaltza plazan, “Hispanitatea genozida da”, esan dute. «Nafarroaren konkista, Kolon, jatorrizko herrien genozidioa, emakumeen kontrako bortxa, arrazismoa, nagusikeria, kapitalismoa… Ez da kasualitatea, biolentziaren gorazarre hori dena egun berean egitea», nabarmendu dute.
12:00etako elkarretaratzeaz gain, hiru eragileek beste hainbat deialdi luzatu dituzte gaurko. Hala, elkarretaratzearen ondoren, Amets Selektah-k musika jartzeari ekingo dio 13:00etan Hazian, “pintxada antikoloniala” izaerarekin. Arratsaldean, topaketa internazionalistak egingo dituzte Lakaxitan: 17:00etan ongietorria egingo dute, eta 17:30ean Ni ez naiz kolonialista baina… hitzaldia eskainiko du Axier Lopez kazetariak. Ondoren eskualdeko internazionalistekin mahai-ingurua egingo dute, 18:30ean.