Espetxera, Hondarribiko ostalaritza eta merkataritza lokaletan lapurtzeagatik
Ostegun goizean atxilotu zuen Ertzaintzak 30 urteko pertsona, Portua auzoko ostalaritza establezimendu baten barrualdean lapurretan zebilela.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du atzoko (osteguna) 06:00ak aldera Ertzaintzaren uniformerik gabeko agenteek 30 urteko pertsona bat atxilotu zutela Hondarribiko Portua auzoan, ostalaritzako lokal batera indarrez sartu, eta bertako diru-kutxan zegoena hartzen zela. Agenteak iritsi zirenean ihes egiten saiatu zen lapurretan zebilena, baina berehala atxilotu zuten. Polizia eginbideak egin, eta epailearengana eraman zuten atxilotutakoa; hark espetxeratzeko agindua eman zuen.
Izan ere, Segurtasun Sailak zehaztu du ostegunaren aurreko egunetatik ikerketapean zegoela pertsona hori, herriko ostalaritzako eta merkataritzako hainbat lokaletan indarra erabiliz lapurtzen saiatu zelakoan, 1.300 euro esku-dirutan, eta 5.000 euroko balioa duten gaiak lapurtuz. Gainera, aurrekari judizialak zituen pertsona horrek.
Atxilotutakoa ikertzeaz arduratu zen lantaldeak haren etxebizitzara sartzeko aukera izan zuen, epailearen aginduarekin. Han, egindako lapurretetako hainbat objektu, dirua, eta substantzia sorgorgarrien kopuru esanguratsu bat aurkitu zituzten ertzainek; azken horregatik gizon horren gaineko beste ikerketa bat abiatu dute.