1.500 marihuana landare konfiskatu ditu Ertzaintzak Irunen eta Lezon
Bi herrietako pabiloi banatan aurkitu ditu poliziak landareak. Saltzeko prest ziren 42 kilo marihuana ere konfiskatu ditu. Bi pertsona ikerketapean daude.
Irungo eta Lezoko pabiloi banatan 1.500 marihuana landare konfiskatu ditu Ertzaintzak. Gainera, Segurtasun Sailak zehaztu duenez, operazio horretan saltzeko prest ziren 42 kilo marihuana ere harrapatu ditu. Horien arduradun direlakoan, 29 eta 53 urteko bi pertsona ikerketapean daude, ustezko droga-trafiko delitua leporatuta.
Hilaren 8an, Errenteriako eta Irungo ertzain-etxeek elkarrekin egindako operazioan sartu ziren bi pabiloi horietara ertzainak. Iraila erdian hasitako ikerketa lan baten emaitza izan dela jakinarazi du Segurtasun Sailak: Ertzaintzak orduan jakin zuen Lezoko pabiloi batetik marihuana usaina ateratzen zela, han zaintza dispositiboa ezarri, eta konturatu ziren Lezoko horrek Irunen zegoen beste batekin harremana zuela. Hala, Lezoko pabiloian 861 landare konfiskatu ditu poliziak, eta Irungoan beste 637. Droga hori hazteko, lehortzeko eta ontziratzeko gailuak ere atzeman zituen Ertzaintzak lokal horietan.