Kolonialismo garaikidearen aurka aterako dira bihar
Hispanitatearen Egunean ez dagoelako «deus ospatzeko», elkarretaratzea, eta hausnartzeko bi hitzaldi antolatu dituzte Bidasoa Antifaxistak, Bor-Bor taldeak, eta Lakaxita gaztetxeak. Musika ere izango da, Amets Selektah-rekin.
Biharkoa Hispanitatearen Eguna da. Irunen ez dagoela «deus ospatzeko» aldarrikatzeko deia egin dute Bidasoa Antifaxistak, Lakaxita Gaztetxeak eta Bor-Bor hausnarketa kolektiborako plazak. «Nafarroaren konkista, Kolon, jatorrizko herrien genozidioa, emakumeen kontrako bortxa, arrazismoa, nagusikeria, kapitalismoa… Ez da kasualitatea, biolentziaren gorazarre hori dena egun berean egitea», azaldu dute.
Hilaren 12a ospatzeak, «Abya Yalan 40 milioi pertsona hiltzea ospatzea» dela salatu dute hiru taldeek. Aldi berean, «azal zuridun kapitalisten» nagusikeriarekin bat egitea da haien hitzetan, «baita konkistatzaileek emakumeen kontra baliatu zuten bortxa sistematikoa zuritzea ere». Bide horretan, Euskal Herria okupatzen ari diren indar polizialekin «poztea» litzateke ospakizun hau, eta Guardia Zibilaren eta Hispanitatearen Ama Birjina goraipatzea. «Ez, eskerrik asko. Guk ez dugu ospatzeko deus ere», gaineratu dute jardueren antolatzaileek.
Hiru taldeek egun erdiko egitaraua prestatu dute egun horren eta kolonizazioaren eraginaren bueltan hausnartzeko. Uberka Bravo Bor-Bor kolektiboko kideak azaldu du egungo gizarte eredua duela mendeak jasandako kolonialismoan oinarritzen dela, «modu berrietan» bada ere. Hain zuzen, sistema ekonomikoan «kolonialismoa egiteko modu berri bat» dagoela adierazi du Bravok. «Mendebaldeko multinazionalak herrialde pobretuetara joaten direnean hango baliabideak lapurtzera, baliabide horiekin ateratako irabaziak hemengo gizartean eragina dauka, eta ez hangoetan», gogorarazi du. Baliabideen ustiapen hori litzateke, Bravoren arabera, «kolonialismo garaikidea».
Egitaraua
Eguna ez ospatzeko eta erresistentziara batzeko deia egin dute. Horretarako, egun erdiko egitaraua prestatu dute. Hasteko, elkarretaratzea egingo dute Zabaltza plazan, 12:00etan. Ondoren, Amets Selektah musika jartzen arituko da Hazian 13:00etan, «pintxada antikolonialaren» izaera izango duena. Ondoren, arratsaldean, topaldi internazionalistak egingo dituzte Lakaxitan: 17:00etan ongietorria egingo dute, eta 17:30ean Ni ez naiz kolonialista baina… hitzaldia eskainiko du Axier Lopez kazetariak. «Hernan Cortes edota Pizarro kolonizatzaile ezagunenak» izan ziren bezala, euskaldunak ere halakoak zirela izango da Lopezen tesiaren ardatza, eta euskaldunak egun ere kolonizazio horren parte direla mahai gaineratuko du. «Baliabideen lapurretan kolaboratzen ari dira», zehaztu du Bravok.
Azkenik, eskualdeko internazionalistekin solasean arituko dira, 18:30ean. Izan ere, badira kolonialismoaren bidez «lapurretan» ari direnak, baina Bidasoan elkartasun internazionalista praktikatu dutenak ere badaudela nabarmendu du antolatzaileak. Hala, eskualdeko lau militante internazionalistarena izango da azken hitza, eta Venezuelaz, Nikaraguaz, Argentinaz eta Brasilgo MST lurrik gabeko mugimenduaz arituko dira.