EAJk alkateari egotzi dio akordio markoa ez betetzea
Akordioa lortzeko dokumentuan lau proiektu "besterik ez" zerrendatu izana ez dela "nahikoa" uste dute jeltzaleek. Hala, oposizioan egongo da Irungo EAJ.
Irungo batzokian agerraldia egin du gaur EAJk eta bertan izan dira Jasone Ugarte alderdiaren Irungo presidentea eta Gorka Alvarez alderdiaren bozeramailea. Abuztuan iragarri zuten PSE-EErekin udal gobernua eratzeko adostasun bila hitz egiteko esertzen ari zirela, baina gaur jakinarazi dute ez dutela adostasunik lortu. Cristina Laborda alkateari egotzi diote “bi alderdiek Euskadin sinatutako akordioa haustea eta ia urte eta erdian proposamen bakar bat ere ez aurkeztea”.
Azken hamasei hilabeteen kronologia bat egin du Ugartek, eta 2023ko ekainean hasi zirela esertzen zehaztu du. Garai hartan, Labordak hartu zuen Jose Antonio Santanoren lekukoa alkatetzan. Udal gobernu “indartsu bat” sortzeko bidean baina ez zuela “aurrerapen esanguratsurik” ekarri esan dute jeltzaleek.
Sozialistek otsailaren 16an bilerak egiteari uztea erabaki zutela azaldu du EAJk, eta aurtengo uztailean Alvarezek bozeramaile kargua hartu zuenean, negoziazioei berriro ekin zietela, jeltzaleen ekimenez ,adierazi dute. Abuztuaren 5ean elkartu ziren, baina PSE-EEk beste behin ez zuela bi alderdien EAE mailako akordioa bete seinalatu dute, eta hitzartutakoari ez dagokion dokumentu bat jaso zutela salatu dute. “Ez dago gobernu programarik dokumentu horretan, elkarrekin gobernatzeko proposamenik ere ez dauka idatzi horrek” deitoratu du gogor Alvarezek.
Dokumentu horretan, jeltzaleentzat “nahikoak ez diren” eta sozialistentzat “estrategikoak diren” lau proiektu zerrendatu zizkieten sozialistek,”besterik ez”, egin dute kexu. “Dokumentu pobrea, eskasa eta ezinbesteko ekimenak edo arazoak jasotzen ez zituena”, esan dute. Beraz, Labordari leporatu diote “gutxiengoarekin eta udal gobernu ahul batekin” gobernatu nahi izatea. “Zure erabakia da, zure joko arauak eta zure proiektu politikoa da”, esan dute.
Pazientzia agortu zitzaiela azken erantzun horrekin esan du Alvarezek, eta alkateari erantzun ziotela “ez dituztela betebeharrak bete”. Labordak, berriz, alderdiaren zuzendaritzari EAJren dokumentuarekiko ezezkoa jakinaraziko ziola erantzun zien. Alkateari negoziatzeko borondate falta egotzi diote.
Aurrekontuen zirriborroak idazten bukatzen ari diren garaia dela honakoa azaldu du EAJk, eta aurrekontu hauek “gakoak” zirela EAJ udal gobernuan “ordezkatuta” sentitzeko. Baina, EAJ oposizioaren parte dela gaurtik aurrera baieztatu dute, eta oposizio “eraikitzailea eta arduratsua” izango dela zehaztu dute. “Ez gaude akordio bat lortzearen antipodetan. Proposamenak Irungo hiriarentzat onak baldin badira, EAJ hortxe egongo da eta negoziatu egingo du. Proiektu estrategikoetan egongo gara”, gaineratu dute.