San Migel-Anaka eremuan 1.175 etxebizitza eraikitzen hasiko dira
Eremuaren birpartzelazio proiektua onartu dute aste honetan, eta obrekin hasiko dira datorren urtean. Donostia kalea hiribide bilakatuko da eta Luis de Uranzu kalea Anakaraino iritsiko da.
Irungo Udalak behin betiko onartu du San Migel-Anakako birpartzelazio proiektua, eta obrekin 2025eko urte hasieran hasiko dira. Asmoa, eremua urbanizatzea, babes publikoko lehen etxebizitzak eraikitzea eta ekipamendu publikoz hornitzea izango da. Irunvik hilaren 7an hasi zuen dagoeneko onetsi duten urbanizazio-proiektuaren obra zuzendaritza eta ingurumenekoaren kontratua esleitzeko lizitazioa.
San Migel-Anaka proiektua “behin betiko fasean” sartu dela baieztatu du Cristina Laborda alkateak. Prozesua “luzea” eta “lan handikoa” izan dela adierazi du eta onespen honekin hirigintzako prozesuaren amaierara iritsi direla berretsi du. Hiriaren iparraldea “goitik behera eraldatuko” da, “hiri konektatuago eta jasangarriago” baten ereduaren arabera.
Auzo berri bat sortuko dela dio alkateak, “eraldatua, konektatua eta jasangarria” eta bizi proiektuak hasteko “aukera” izango dela esan du Labordak. Aurrekontua 23.000.000 euro baino gehiagokoa dela zehaztu dute eta Irunvik urtea bukatu baino lehen lizitatzeko ardura dauka.
Urbanizazio plana
Urbanizazio lan hauekin Donostia kaletik hasiko dira eta ondoren, eremu guztira zabaltzen joango dira. Orotara, 1.175 etxebizitza eraikiko dituzte eta horietatik 887 inguru babes publikokoak izango dira. Horrez gainera, auzorako ekipamendu publikoak eraikitzea dute asmo, hala nola, igerileku publikoak eta bestelako kirol ekipamenduak.
Eremu honetan, eraztun perimetral bat sortuko dutela azaldu du udalak, Donostia, Anaka eta Jaizkibel kaleak, eta Letxunborro hiribideak osatuko dutena. Kale horiei Luis de Uranzuren luzapena gehituko diote, San Migel-Anaka gurutzatuko duena.
Donostia kalea hiribide izatera igaroko da eta berdegunez hornituko dute. Gainera, erabilera desberdineko eremu publikoen oinarri izango da ere. Noranzko bakarrekoa izango da Anaka kalerantz, eta bi errei izango ditu.