Irungo EAJ "pozik" osasun alorreko bide-orriagatik
Jeltzaleek bat egin dute diagnostiko bat egiteko "lehentasunarekin", osasun laguntzako plan integral bat diseinatzeko.
Irungo EAJk “poza” adierazi du Bidasorako Osasun sailarekin lortutako akordioagatik. Jeltzaleek bat egin dute diagnostiko bat egiteko “lehentasunarekin”, osasun laguntzako plan integral bat diseinatzeko.
Osasun alorreko profesionalak kontutan hartzea berretsi izana ere aipatu dute, baita herritarren ikuspegiak, proposamenak eta aldarrikapenak aintzat hartzea. “Gure taldeari ezinbesteko iruditzen zaizkionak” gaineratu dute.
Eusko Jaurlaritzak “behin eta berriz” egindako eskaerei erantzun diela uste du EAJk, esate baterako, Irungo erdigunean anbulatorio handi bat eraikitzeko kokalekua eskaintzea. Oinaurreko eta Dunboako erietxeekin eta ospitalearekin batera, erdigunekoarekin “hiriko osasun beharrei behar bezala” erantzungo zaiola iritzi dute.
Datozen hilabeteetan oraingo elkarrizketa giroa mantentzea espero dute jeltzaleek, baita adostasun zabalak tinko mantentzea. Era horretan, osasun laguntza integralaren egoerari “erantzun erabakigarria eta egokia” eman ahalko dela azaldu dute.