Jaizkibel konpainia: "Espazio berean egoteko prest gaude, eta horrela irudikatu dugu"
Konpainiak Alardearen egunaren gaineko gogoeta zabaldu du. Esan du elkarrizketaren eta konponbidearen bidean jarraituko duela.
Irailaren 8aren gaineko, Alardearen egunaren gaineko gogoeta egin du Jaizkibel konpainiak. Asanbladan ateratako ondorioen berri emateko agiria zabaldu dute. “Urte berezi eta berritzaile” batean aurrean izan direla aitortu dute, baina hala ere, euren helburuetatik “urrun” dagoela aurtengoa, “herriaren Alarde publiko eta parekidearen urrats garrantzitsuak” eman diren arren. Udalari eskerrak eman dizkiote egin eta argitaratutako ebazpenengatik, “lehen aldiz udalak egindako ebazpen administratibo beraren barruan antolatuak izan gara”. Udaltzaingoaren laguntza, nahiz Guztion Alardearen egitekoa ere aitortu dituzte.
Konpainiak nabarmendu du “beti” izango dela lanean elkarrizketaren eta konponbidearen alde, eta beste konpainiekin batera espazio beretan egoteko prest daudela, “horrela irudikatu dugu”. Deitoratu dute batzuk “bazterkeriaren eta marjinazioaren irudia tradizioen gainetik” jarri dutela, baina elkar aitortzeko eta Alardea elkarrekin ospatzeko gogoz dauden hondarribiarrak “geroz eta gehiago” direla.
Jarraian, Jaizkibel konpainiak partekatu duen gogoeta, hitzez hitz:
“Hilabete igaro da gure herriko jai egun handi hartatik, eta urtero-urtero uzten digun erresaka emozional eta fisikoa pasatu ondoren, asanbladan bildu ginen. Bertan hitz egindakoak nabarmendu nahi izan ditugu datozen lerroetan.
Agerikoa da, berriro ere, urte berezi eta berritzaile baten aurrean aurkitu garela. Gure helburutik urrun jarraitzen dugun arren, Herriaren Alarde Publiko eta Parekidearen bidean urrats garrantzitsuak ematen jarraitu dugu aurten ere. Nabarmentzekoak dira udalak entseguetarako zein irailaren 8rako argitaratu zituen ebazpenak. Lehen aldiz herriko konpainia guztiak batera udalak egindako ebazpen administratibo beraren arabera antolatuak izan gara. Bertan agertutako guztia aldez aurretik baloratu genuenez, gaurkoan esan dezakeguna da, berriro ere, udala eskertu behar dugula emandako urratsengatik.
Ez dira izan nahiko genukeen bezain handiak, baina nabarmendu nahi dugu elkarrizketarako eta aurrera urratsak emateko borondatea agerikoa dela. Gure aldetik ere, orain arte bezala jarraituko dugu, elkarrizketaren eta konponbidearen alde beti. Honetaz gain, nabarmendu behar dugu ebazpenean ezarritako guztia bete duela Jaizkibel konpainiak, ordutegi eta espazio mugapenak barne. Eskertu behar dugu Udaltzaingoak egindako lana ere.
Espazio berean egoteko prest gaude, eta honela irudikatu ahal izan dugu Guadalupeko botoan zein belardietan, San Pedro kalean konpainien desfileak amaitzen direnean nahastuz edo hainbat entsegutan. Batzuek bazterkeriaren eta marjinazioaren irudia tradizioen gainetik jarri duten arren, agerikoa da, eta egun osoan zehar bizitu izan genuen, geroz eta gehiago garela elkar aitortu eta elkarrekin ospatzeko gogoa erakusten dugun hondarribiarrak. Guztion Alardeak egindako deialdia zein irailean zehar helarazi dituen mezuak ere eskertu nahi ditugu.
Urte honetan, gure kantinera Nahia Salaberriak irakaspen handi bat txertatu du gure konpainian. Aniztasun funtzionalaren begiradaz aztertu dugu eguna. Mugikortasuna zailtzen duen oztopo oro edo komun egokituen falta, ezgaitasun motorea duen pertsonari bizitzaz eta festaz gozatzeko sortzen dion ezintasuna gure balitz bezala bizi izan dugu eta publikoki adierazi nahi dugu, borroka hau gurea ere badela, eta bat egiten dugula, gure herria irisgarria eta denontzat bizigarria izateko eskaerarekin.
Urtero bezala, bihotzez, gure konpainia barrutik zein kanpotik osatzen eta hauspotzen duten kideak eskertuz jarraitu nahi dugu. 1.000tik gora izan gara musikaren doinuz kalean gora eta behera ibili garenak, eta hainbat gehiago haien txaloekin babestu gaituztenak. Bidea ez da inoiz erraza izan, eta ardura asko hartu dituzten kideak ditugu inguruan. Zuei guztiei esker gara.
Mezu hau aurten Kale Nagusian bizitako Zapatero jaitsi-aldiaren zaporearekin amaitu nahi dugu. Ekitaldi hori Kale Nagusian ospatzearen ametsa bete genuen, zirraraz amaitu genuen eguna. Zirrara horren indarrez, urte osoan zehar lanean jarraituko dugu, urrats gehiago eta eskubide gehiago eskuratzea helburu. Marjinazioa bultzatu eta parekidetasunari bizkarra ematen dion herria ez, baizik eta elkarrekin guztiona den ondarea, Alardea, ospatzeko prest dagoen herria garela erakuts dezagun”.
Jaizkibel konpainia. Hondarribia.