Girabiraren laugarren eta azken geldialdia, igandean
'Txikimusika' egitasmoarekin emango diote amaiera Girabiraren hamargarren edizioari. 12:30ean hasiko da eguna, Mendibil parkean.
Igandean (hilak 13) izango da Girabiraren laugarren eta azken geldialdia, eta Txikimusika egitasmoaren baitan, musika izango da nagusi Mendibil parkean.
Zirkua, magia eta natura gaiak landu ondoren, musikarekin emango diote amaiera Girabiraren hamargarren edizioari. Nuria Alzaga, Kulturako ordezkaria: “Programa hau hirian egiten denetik izan dugun arrakastatsuenetako bat izan da. Hamargarren edizioa da aurtengoa, eta beraz osasun ezin hobean dago programa”.
Irungo parkeetan barrena antolatutako ibilbide bat da Girabira, eta gaikako jardunaldiak antolatuz hiria hobeto ezagutzeko aukera ematen du. Ekimen bakoitzean ikuskizunak, tailerrak eta piknikak antolatzen dituzte. Musika, parkeak, ekin! izan da aurtengo leloa.
Jarraian, igandeko egitaraua:
- 12:30. Belcebluesen bus pedagogikoa.
- 13:30. Oihan Vegak DJak girotuta, piknik musikatua.
- 14:30 -16:30. Haurrentzako musika tailerrak.
- Aitor Espieren marrazkigintza (5 urtetik gorakoentzat gomendatzen da).
- Lanetik Egina (6 urtetik gorakoentzat gomendatzen da).
- Kuttuna Haur Eskola(1 – 3 urte artekoentzat gomendatzen da).
- Skola Musik (5 urtetik gorakoentzat gomendatzen da).
- Taupa! Musikarekin hazten. (4 hilabete eta hiru urte artean gomendatzen da).
Tailerrak euskaraz izango dira, eta ez da aurrez izenik eman behar.
Girabiraren helburuetako bat espazio publikoa erabiltzea denez, bertaratzen direnei piknikeko mantak eta eskuoihalak eramateko deia egin zaie, “programazioaz gozatzen duten bitartean bertan bazkaldu dezaten”.