ELA: "Hitzarmena aplikatu gabe jarraitzen dute langileek lanean"
ELAk salatu du hitzarmen kolektiboa uztailean sinatu zela, baina Elai-eko langileak euren hitzarmenaren inguruan ziurgabetasun egoeran daudela.
Elai Serbitzuak enpresa azpikontratatuaren eta udalaren arteko kontratua ostiralean (hilak 4) amaitu zen, eta ez dakite noiz egingo den beste administrazio kontratu bat. “Hitzarmen kolektibo berria aplikatzeko beharrezko urratsa da”. ELAtik salatu dute Elai enpresako zortzi langile direla arazoa pairatzen ari direnak, zehazki Hondarribiko Udalak azpikontratatutako lorezaintzako langileak. Hitzarmen berria aplikatzeko administrazio kontratu berri bat egin beharko da, “baina oraingoz ez da berritu, nahiz eta pasa den ostiralean iraungi zen orain artekoa”.
ELAk dioenez, azken egunetan ez dute inolako berririk jaso gertatuko litzatekeenari buruz, eta kaleratze kolektibo baten beldur ere izan dira: “Gaur egun Elai Serbitzuak enpresako langileek udalari zerbitzua eskaintzen jarraitzen dute, baina lan baldintzetan inolako aldaketarik ez dute izan”.
Bestalde, ELAk salatu du hitzarmen kolektiboa uztailaren amaieran sinatu eta 2024ko abuztuaren 27an argitaratu zen arren, 2023ko abuztuan iritsi zirela greba amaierako akordiora, eta “hitzarmena aplikatzeari dagokionean ziurgabetasun egoeran daudela oraindik langileak”.
Eta horrela amaitu dute: “Kezkatuta eta arduratuta gaude bai enpresa eta baita udalak ere gai honen inguruan izan duten kudeaketa eskasarekin. ELAtik garbi dugu lanean eta borrokan jarraituko dugula lortutako hitzarmena aplikatu arte”.