Beldur Barik lehiaketa martxan da
Bideo lehiaketa bat da, 12 eta 20 urte dituztenei begirakoa. Asmoa, indarkeria matxista prebenitzeko kontzientzian eragiteko edukiak sortzea da.
Emakundek eta Irungo Udalak elkarlanean prestatu dute Beldur Barik lehiaketaren hamargarren edizioa. Azaroaren 8ra bitartean, Irunen bizi edo ikasten duten 12 eta 20 urte arteko gazteen ikus-entzunezko lanak bidaltzeko epea dute.
Lan horietan, indarkeria matxistaz jositako ekintzak eta jarrerak prebenitzeko xedea erakutsi behar da, eta indarkeria sexista ikusarazteko helburua ere izan beharko du. Horretarako, haien eguneroko testuinguru eta espazioetan hautematen den desberdintasunaren ondorioak bildu ahal dituzte bideoan.
Banaka edo taldeka parte hartzeko aukera dago, eta piezek, asko jota, hiru minutuko iraupena izango dute, kredituak barne. Lehiaketak hiru kategoria dauzka, adinaren arabera sailkatutakoak:
- 12 eta 13 urtekoak.
- 14 eta 18 urtekoak.
- 19 eta 20 urtekoak.
Kategoria bakoitzaren saria 400 eurokoa izango da, eta 100 euro jasoko dute gainontzeko lanen egileek. Kalitate teknikoaren edo artistikoaren gainetik, transmititzen den mezuaren kalitatea baloratuko dutela azaldu du Emakundek, baita zenbateraino gai den ere gogoetak eta eztabaidak pizteko nesken ahalduntzeari buruzko gaietan. Halaber, mutilen matxismoaren kontrako konpromisoa dagoen ere baloratuko dute.
Lehiaketaren oinarri guztiak, webgune honetan topa daitezke.