'Nestor Basterretxea, Zinema mugan' -en baitan, tailerra eta filma
Etzi (hilak 10) 'Hondarribitik Zinbaue-ra' tailerra eta 'Ama lur' filmaren proiekzioa egongo dira Hondarribian.
Nestor Basterretxea, Zinema mugan zikloaren bigarren eguna izango da etzi (hilak 10), eta tailer bat eta film baten proiekzioa egongo dira Hondarribian.
11:00etan izango da lehen ekintza; tailerra, alegia. Hondarribitik ‘Zinbaue-ra’ du izena jarduerak, eta 9 eta 12 urte arteko haurrentzat dago pentsatua. Zuloaga etxean izango da, eta sarrerarik behar ez bada ere, izena ematea gomendatu dute antolatzaileek.
Ama Lur
Arratsaldean izango da bigarren hitzordua, 19:00etan, Itsas Etxea Auditoriumean. Ama Lur filma proiektatuko dute, baina horren aurretik Ane Lekuona arte historialari eta irakasleak obra bere testuinguru kultural eta politikoan kokatuko du; frankismoaren azken hamarkadan, alegia.
Halaber, filmaren elementu artistikoez hitz egiteko aukera izango du, egileen nondik norakoak kontuan hartuta eta eragin-ildoak identifikatuz. Ekitaldi honetarako ere ez da sarrerarik behar.
1968an aurkeztu zen dokumentala da Ama Lur. Bi urtez izan ziren Fernando Larruquert eta Nestor Basterretxea Euskal Herriko zazpi probintziak filmatzen eta garaiko sinopsiak zioen moduan, pelikularen helburu nagusia “Euskal Herriarentzat kantu hunkigarria” sortzea da.