Arte digitaleko lehiaketaren edizio berriaren deialdia egin dute
'Ibai izena duen herrialde bat' izeneko lehiaketaren edizio berriaren deialdia egin du Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak.
Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalek Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bitartez Ibai izena duen herrialde bat arte digitaleko lehiaketaren hirugarren edizioaren deialdia egin dute.
2018az geroztik arte sorkuntzako lehiaketak antolatzen dituzte, eta aurten aurkezten diren lan guztiek ‘Mugaz gaindiko lurraldeko paisaia bereziak’ izan behar dute nahitaezko erreferentzia. Beraz, parte hartzaileek Irun, Hondarribia eta Hendaiako herrietako lurralde mugetako paisaia naturalak irudikatu ahal izango dituzte. Nuria Alzaga Partzuergoko zuzendaritza batzordeko ordezkaria: “Garrantzitsua da eskualdeko artista gazteen lana sustatzeko apustua egin eta nabarmentzea”.
Bestalde, Estitxu Urtizberea Partzuergoko zuzendaritza batzordeko kideak adierazi du aukera oso ona dela artista gazteenak ezagutarazteko.
Horretaz gain, Itziar Aizpuru Partzuergoko zuzendaritza batzordeko kideak azaldu du parte hartzen duten pertsonek paisaia natural bat irudikatu ahal izango dutela Irun, Hondarribia eta Hendaiako hiriek osatutako lurralde mugetan. Lanak aurkezteko azken eguna azaroaren 18a izango da, eta irabazleak 500 euroko saria izango du.
Oinarriak
- Lehiaketan parte har dezakete amateur diren artistak, 30 urtekoak edo gazteagoak, bizitokiaren edo herritartasunaren alorreko inolako mugarik gabe.
- Parte hartzaile bakoitzak lan bakarra aurkeztuko du lehiaketara, arte digitaleko teknikak erabiliz egindakoa. Lanak posta elektronikoz bidaliko dira, egilearen sinadurarik gabe.
- Mezu elektronikoaren gai bezala Ibai izena duen herrialde bat idatzi beharko da, eta mezu elektronikoaren deskribapenean adieraziko dira aurkeztutako lanaren izenburua, egilearen izen abizenak, nortasun agiriaren fotokopia edo baliokidea, obran islatutako lekua eta kontzeptua, obra egiteko erabilitako teknika eta tresna digitalak, posta helbidea, helbide elektronikoa eta harremanetarako telefono zenbaki bat.
- Lanak bi formatutan entregatuko dira: bereizmen handian inprimatzeko formatuan, fitxategia jaisteko esteka bat adierazita, eta mezu elektronikoari erantsitako fitxategi gisa, bereizmen txikiko JPG formatua, epaimahaiari bidaltzeko eta behar bezala ikusteko moduan.
Lanak Bidasoa-Txingudi Mugaz gaindiko Partzuergoaren helbide elektronikora bidali behar dira. Informazio gehiago, hemen.