Laguntza berriak ekintzaileentzako Bidasoa biziriken eskutik
Lanbiderekin batera, enpresa baten ideia garatzeko edota proiektua bera aktibatzeko laguntzak emango dituzte.
Lanbide eta Bidasoa bizirikek eskualdeko ekintzaileei laguntzeko diru laguntza berriak aurkeztu dituzte. Batetik, enpresa ideia bat duten eta haien bideragarritasuna ezagutu nahi dutenak bultzatuko dituzte; bestetik, enpresa proiektuak abian jartzean lagunduko dute.
Helburua,m enpresa ideia baten sorrera, analisia eta egituraketa posible egiten laguntzea da. Horretarako, enpresa jarduera hori aktibatzeko beharrezkoa den laguntza eta aholkularitza ekintzak eskainiko dituzte, diru laguntzaz gain.
Enpresa ideia bat garatuko dutenentzako 1.000 euroko diru laguntza prestatu dute, eta enpresa proiektu bat martxan jartzen dutenentzako, berriz, 1.500 euro. Zenbateko horiek %15 handituko dituzte, sustatzaileak 18 eta 30 urteren artean baditu, eta beste %15 emakumea bada eskatzailea.
Laguntza eskatu ahal izateko, Bidasoa biziriken tutoretza eta aholkularitza prozesua hasia eduki beharko da, eta diru laguntzen aurkezpenera joatea ere derrigorrezkoa izango da, hilaren 9an, 13:30etan Ducureau jauregian.
Informazio gehiago, 943 509 600 telefonora deituta, www.ideiakbizirik.com blogean, Bidasoa biziriken orrialdean edota helbide elektroniko honetara idatzita jaso daiteke.