Markaxka, 'tximista' partidetako Gipuzkoako txapeldunorde
Eibarren jokatutako partida azkarren taldekako herrialdekoan bigarren izan dira Marlaxkaren A taldekoak, eta hamalaugarren Bkoak.
Aho zapore gozoarekin dira Hondarribiko Marlaxla Xake Klubeko kideak. Izan ere larunbatean, Eibarren, Gipuzkoako tximista edo blitz erako txapelketa (partida azkarrak) jokatu zen, taldekako modalitatean. Marlaxkakoen A taldea txapeldunorde izan zen Errenteria-Oreretako Fomento taldearen atzetik, eta B taldea, berriz, 14. izan zen.
Pozik daude Marlaxkakoak Eibarren lortutako emaitzekin. Nabarmendu dute, talde irabazlea faborito nagusi zela, eta A taldea haiengandik oso gertu izatea balentria izan dela. “Gure taldeek xakearekin eta lagunekin gozatu dute, baina, gainera, txapelketa osoan zehar A taldearekin podiumean egon gara Fomento Cultural faborito eta azkenean txapeldunetik oso gertu”.
A taldeko partaideak Patxi Moreno, German Herrera, Jurgi Diaz eta Ander Tafall izan ziren. Bkoak, berriz, Gontzal Lera, Jon Diaz, Nora Lera, Beñat Sagarzazu eta Oihan Perez. 17 taldek parte hartu zuten taldekako lehia azkarrean, eta euren jokalarien artetik, Ander Tafallen lana goraipatu dute. Fomento Cultural irabazlea zoriondu dute hondarribiarrek, baita Villabona hirugarrena ere. B taldeari ere aitortza egin diote.