'Gazteak on: elikadura erronka' lehiaketa sortu dute
Gazteak elikadura agroekologiko eta jasangarriari buruz hausnartzeko bultzatzeko, bideo lehiaketa antolatu dute DBH eta kolegioko ikasleei begirakoa. Sariak, eskoletan elikadura jasangarria bultzatzeko proiektuetara bideratuko dira.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta kolegioetako gazteei begira jarri dira Maia Permakultura kooperatiba, Bidasoa-Txingudi kontsumo taldea, Labore Txingudi eta Hendaiakoop. Hala, Gazteak on: elikadura erronka lehiaketa aurkeztu dute gaur BDS Koopen eta aipatutako ikasketa maila duten ikasleak elikaduraren eraldaketan inplikatu nahi dituzte, bideo lehiaketa baten bidez.
Kooperatibek posible dute elkarlanean aritu, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Pirinio Atlantikoetako mugaz gaindiko proiektutarako Ideiak lerroan proiektuari esker, hark sendotu baitzuen proiektua. Proiektu horren asmoa, elikaduraren eraldaketarako hezkuntza abiatzea izan da, eskualdeko ikasle eta irakasleentzako material pedagogikoa sortuz eta zabalduz.
Orain, Gazteak on lehiaketa sortzerakoan, elkartuta dauden kooperatibek elikadura sistema agroekologikoan, gardenean eta parte hartzailean sinesten dutela nabarmendu dute, eta harreman bidezko eta ekitatiboekin, klima larrialdiari eta desagertze krisiari aurre egitea dute buruan.
Xede hau betetzeko ez daudela bidean bakarrik adierazi dute antolatzaileek, eta eskualdeko eragile gehiagok partekatzen dutela elikaduraren eraldaketarako beharrezkoa den ikuspuntua berretsi dute. Izan ere, iaz, Bidasoko elikadura burujabetza pasuoz pauso proiektuaren emaitzetan ikusi zuten pedagogia, erakundeen inplikazioa eta eragileen arteko elkarlan zein saretzea “beharrezkoak” direla.
Lehiaketa
Bidasoa eskualdeko eta Txingudi badiako DBH edo kolegioko adinean dauden gazteek, haien irakasleek edo hezitzaile erreferenteek ahal dute hartu parte bideo lehiaketa honetan. Eskolan elikadura jasangarriaren baitan lantzen dituzten proiektuak erakusteko, sortu nahi dituzten egitasmoak aurrera eramateko eta ideiak garatzeko aukera erakutsi behar dute bideoek.
Gazteen ikuspuntua da ikusi nahi dutena, “beharrezkoa” delako etorkizuneko elikadura bertakoa, ekologikoa eta osasuntsua izan dadin. Bi sari banatuko dituzte. Batetik, epaimahaiaren saria, 600 eurokoa, eta bestea, herritarren saria, eskualdeko biztanleen bozketatik banatuko dena eta 400 euroko balioa izango duena.
Sari horiek ez dira talde irabazleen artean banatuko, ikastetxe edo hezi gunearen elikadura burujabetza hobetzera bideratuta egongo dira, eta beraz, ikastetxeentzat izango da saria. Lehiaketaren izen ematea dagoeneko zabalik dago, eta sei fasetan bereizi dute prozesu osoa:
- 0. fasea: izen ematea: Hilaren 1ean zabaldu zen eta abenduaren 31era arte egongo da irekita. Horretarako, www.gazteakon.eus orrialdera joan eta bertako fitxa bete beharko da.
- 1. fasea: bideoen aurkezpena: 2025eko urtarrilaren 1etik apirilaren 11era arte egin beharko da. Bideoa aurkezpen fitxarekin (webgunean) Wetransfer bidez bideoak@gazteakon.eus helbidera bidali beharko dira. Fitxa honetan bideoaren izenburua eta deskribapena hiru hizkuntzetan jasoko dituzte.
- 2. fasea: bideoen azterketa: 2025eko apirilaren 12tik maiatzaren 4ra egingo dute. Herritarren saria aukeratzeko bozka sistema ireki bat egongo da. Bozka emaile bakoitzak aurkeztutako bideoen artean hiru bideori bozka eman beharko diote. Fase honetan, epai-mahaiak dokumentu honetan aurkeztutako balorazio irizpideak jarraituz, epaimahaiaren saria aukeratuko du.
- 3. fasea: proiektuen bozketa: 2025eko maiatzaren 5etik hil bereko 25era bitartean izango da. Herritarren saria aukeratzeko bozka sistema bat irekiko dute, eta botoa emango duen bakoitzak aurkeztutako bideoan artean hiru bideori bozka eman beharko dio. Fase honetan zehar, epai mahaiak dokumentu honetan aurkeztutako balorazio irizpideak segituz, epaimahaiaren saria aukeratuko du.
- 4. fasea: emaitzen argitaratzea: 2025eko maiatzaren 30ean saritutako bideoen emaitza www.gazteakon.eus orrialdean argitaratuko dute.
- 5. fasea: sarien gauzatzea: 2025eko urriaren 31ra arte luzatuko da. Gazteak on lehiaketaren antolatzaile eta proiektu saridunen artean sariak adostu eta gauzatzeko epea egongo da.