Erdiguneko erietxea Euskotrenen Kolon geltokian izatea proposatu du Ekologistak Martxan taldeak
Eremu horrek 1.400 metro karratu lituzke, eta ondo konektatutako eremua litzateke. Auzo elkarteei proposamen hau aztertzeko dei egin diete.
Osasun sailak berriki iragarri du Irunen bi anbulatorio berri eraikiko dituztela, eta oraingo erdigunekoaren jarduna gelditu egingo dela. Bide horretan, Oinaurreko partzela da kokalekuetako bat, eta bestea oraindik aztertzen ari dira, baina ziurtatu dute erdigunean izango dela.
Bada, Euskotrenek Kolon pasealekuan duen geltokiaren gainean, erietxe berria eraikitzea proposatu du Ekologistak Martxan elkarteak. 15 minutu hiri kontzeptuari jarraiki, elkarteak uste du “premiazkoa” dela anbulatorio berriari buruzko eztabaida hau herritarren artean ere zabaltzea.
Euskotrenen geltoki gaineko eremuak 1.400 metro karratu dituela azaldu du elkarteak, eta 5 edota 6 solairu eduki ditzake. “Ondo” konektatutako anbulatorioa litzateke, atzeko karrika Cipriano Larrañaga delarik eta aurrekoa Kolon pasealekua eta Pio XII eta Aduana kaleak.
Ekologistak Martxanek San Migel, Pinudia, Antzara, Lapitze, Anaka eta Belaskoeneako auzo elkarteei dei egin diete haiek proposatutako proposamen hau eta “onuragarriak. izan daitezkeen beste batzuk aztertzera.