Bidasoa Bizirik Merkalan enplegu azokan izan da
Euskal Herriko enplegu azoka esanguratsuena Ficoban egin da aurten. Garapen agentziak enplegua sustatu eta kudeatzen dituen ikastaroen eta ekintzailetza zerbitzuaren berri eman du.
Bidasoa Bizirik-ek 2024ko Merkalan enplegu azokan hartu du parte. Merkalan Euskal Herriko enplegu azoka “garrantzitsuena” dela adierazi du eskualdeko garapen agentziak. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak antolatzen du azoka, eta aurten Ficoban egin da, Bidasoa Bizirik-ekin lankidetzan. Lana bilatzen ari diren pertsonen, enpresen eta hainbat zerbitzu eta lan aukera eskaintzen dituzten erakunde publikoen arteko elkargunea da Merkalan.
Antolakuntzan izateaz gain, Bidasoa Bizirik-ek stand propioa izan du Ficoban. Alde batetik, garapen agentziak bi lan eskaintza propio aurkeztu ditu. Bestetik, prestakuntza ikastaroei, enplegua bilatzeko orientazio zerbitzuei, ekintzailetzari laguntzeko zerbitzuei eta enpresei zuzendutako programei buruzko “informazio zehatza” eman dute. “Parte hartzea arrakastatsua izan da, egun osoan zehar jende asko bildu baita gure proposamenak ezagutu eta eskainitako zerbitzuak aprobetxatu nahian. Gure egitekoa da pertsonei enplegua bilatzen laguntzea eta eskualdean ekintzailetza sustatzea”, esan du Nuria Alzaga Bidasoa Bizirik-eko presidenteak.
Bidasoa Bizirik-en standera hurbildu diren pertsonek, batez ere, ikastaroei buruzko informazioa jaso eta lan orientaziorako hitzordua eskatu dute. Horrez gain, hainbatek ekintzailetza zerbitzuagatik galdetu dutela nabarmendu du garapen agentziak. Enpresak ere bertaratu dira Bidasoa Bizirik-eko postura, eta programei buruzko informazioa eskatu eta eskuragarri dauden enpresen katalogoak eraman dituzte.
“Oso jardunaldi emankorra izan da. Lan eta prestakuntza aukerez gain, tokiko enpresekin harremanetan egon ahal izan gara, eta hori oso positiboa izango da etorkizuneko proiektuetarako”, baietsi du Estitxu Urtizberea Bidasoa Bizirik-eko lehendakariordeak.