Txinzerrek hondakinak kudeatzeko eta kale garbiketarako lizentzia berria aurkeztu du
2025eko otsailaren 1ean jarriko da indarrean, eta 59,6 milioi euroko aurrekontua izango du bost urterako. Irun eta Hondarribiko udalen inbertsio ekonomiko handiena da.
Hiri hondakin solidoak kudeatzeko eta kaleak garbitzeko kontratuaren esleipenaren lizitazio publikoaren prozesua hasi dute Txinzerren eta haren aurkezpena egin dute gaur Olaberrian Leire Zubitur Txinzerreko gerenteak, Cristina Laborda Irungo alkateak eta Igor Enparan Hondarribiko alkateak.
Kontratuaren iraupena bost urtetakoa da, 2025eko otsailaren 1ean jarriko da indarrean, eta kontratu honen aurrekontua 59,6 milioi eurokoa da. Oraingoan ere, jasangarritasuna sustatu eta herritarren beharrei erantzungo diotela uste du Zubiturrek, gaur egungo kalitatezko zerbitzuarekin jarraituz. Langileen eta baliabideen aurrekontua ez dago kontratu honen barruan, mankomunitateak berak kudeatzen duen jarduera delako.
“Gardentasun saiakera” izan dela gaurko prentsaurrekoa azaldu du Enparanek, “guztiok jakiteko zein kostu daukan eta zein garrantzia daukan zerbitzu honek” zehaztu du. Herrien estetikatik “haratago” doan zerbitzuaz ari direla uste du Hondarribiko alkateak, eta helburu horiek lortzeko konpromiso kolektibo bat “behar-beharrezkoa” dela deritzo. “Egunerokoan ingurumenean eragin txikiagoa izaten saiatu behar gara” gaineratu du.
Labordak bat egin du konpromisoa kolektiboa denarekin. Hirien garbitze kalitate altura ohituta dagoela gizartea uste du Irungo alkateak baina garbitze zerbitzuaren grebek agerian uzten dutela lan honen garrantzia nabarmendu nahi izan du. Inbertsio hau “balioan jarri” nahi izan du Labordak.
Berritasunak
Kontratu berrian birziklatze tasa %70era handitzea jaso dute. Horretarako, neurriak adostu dituzte, hala nola, errefusa gutxiagotan jasotzen arituko dira eta gehiagotan jasoko dute gaikako bilketa.
Horrez gain, bestelako berritasunak ere ekarriko ditu hitzarmen berriak eta digitalizazioaren ikuspegia izango da berritasun nabarmena. Aurrerantzean, bitarteko digitalak erabiliko dituzten Txinzerren lanaren emaitzak digitalki jarraitu ahalko dira, informazio zehatzagoa jasotzeko eta etorkizunerako hobekuntzak planteatzeko.
Esperientzia pilotu bat egin dute duela gutxi Hondarribian, eta kaletik doazen langileak mugikor bat daramate eta harekin geolokalizatuta egoten dira. Horrela, edozein intzidentzia gertatuz gero, momentuan erantzun ahalko dute.
Esate baterako, edukiontzi bateko edukia jaso, eta ordu betera haren inguruan espaloia oztopatzen duen zaborra baldin badago, momentuan jakinarazi ahalko dute langileek. Proba pilotu hau “oso ondo” joan denez, kontratu berrian jasotzeko asmoa adierazi du Zubiturrek.
Zerbitzuak
Kontratuaren oinarrietako bat hirietako hondakin solidoen bilketa da eta hirian zehar zakarra barreiatuta ez egotea da zerbitzu honen helburuetako bat gizartearen “osasun publikoa” bermatze aldera. Horrez gain, hondakin sortzaile handien bilketa, industrialdeetako bilketa (astean behin), garbiguneen kudeaketa eta edukiontzien kudeaketa ere biltzen du hitzarmenak.
Zerbitzu honen kostua urteko 10.736.505 eurokoa da, hau da, abonatu bakoitzaren kostua 268,41 eurokoa da. Orotara, 42.000 abonatu ditu Txinzerrek, domestikoak eta ez domestikoak. 2025ean arau eskakizunetara egokitzeak zerbitzuen kostua %10 inguru igotzea ekarriko duela aurreratu du Zubiturrek.
Eguneko garbiketara 4.641.111 milioi euro bideratzen dira Irunen, biztanleko 72,54 eurokoa. Hondarribian, berriz, zerbitzuaren kostua 1.036.674 eurokoa da, biztanleko 61 eurokoa.
Dena den, herritarren parte hartze aktiboak eragin ekonomiko hori gutxitzen lagun dezakeela aurreratu du Txinzerreko gerenteak. “Zerbitzu horietan inbertitutako euro bakoitza ahalegin bateratua da. Badakigu kostua esanguratsua dela, baina gutako bakoitzak funtsezko zeregina du baliabide horiek ageriko emaitza bihur daitezen” erantsi du.
Irun eta Hondarribiko kale garbiketa ere kontratu honetan dago jasota eta horren barruan zerbitzu ezberdinak eskaintzen dituzte, hala nola, pintadak, pankartak eta kartelak kentzea, puntu beltzen garbiketa, asteko merkatuaren eta gune berezien garbiketa edota hiri altzarien ur presioko garbiketa.