Igandean Historiaz Jantzi, HITZArekin
Proposamen berria du HITZAk bere harpidedunentzat: Igandean, Historiaz Jantzi. Hil bakoitzeko azken igandetan bisita gidatuen sorta da.
Komunitate zabala du OARSO BIDASOKO HITZAk ondoan. Handia. Horregatik, komunitate horrentzat, HITZAkideentzat, ahal diren abantaila eta onura guztiak ematen saiatzen ari da Oarsoaldeko eta Bidasoko tokiko euskarazko hedabidea. Zentzu horretan proposamen bat du HITZAkideentzat: Igandean, Historiaz Jantzi.
Garrantzitsua baita inguruan denaren gaineko ezagutza izatea. Tartean, historiara begira jartzea. Tokiko historiara. Horregatik, Bidasoko eta Oarsoaldeko hainbat eragile eta museorekin elkarlanean, hilabeteko guztietako azken igandetarako bisita gidatu bereziak, doan, antolatu ditu hedabidearen harpidedunentzat.
Lehenerako, Antzinarorako bidaia proposatu dugu. Urriaren 27an, 12:30ean hasita, Irungo Oiasso Erromatar Museoaren zirrikituak ezagutzeko aukera izanen dute HITZAkideek. Erromatarrek Bidasoan zer eragin izan zuten ezagutuko dute hara joango direnek: 15 pertsonarentzako tokia dago, beraz, erne ibili izen emateekin. Harpidedun bakoitzak bi plaza erreserba ditzake.
Erraza da izena ematea. Besterik gabe, esteka honetan klik egin eta izen emate atalera joateko aukera izango dute hala nahi duten HITZAkideek. Tokiko euskarazko hedabidea babesteak abantailak besterik ez baititu.
Oiasso Erromatar Museokoa lehen bisita gidatua izango da. Urriaren 27ko horretatik aurrera, hilabete guztietako azken igandeak historiaz janzteko izango dira. Adi egon datozen hitzorduei!