Euskara eta aisia familian sustatzen jarraitzeko programak
Familia Ola eta Haurrak Parkean egitasmoen hiruhileko edizioa aurkeztu dute gaur. Euskaraz mintzatzera bultzatzera da bi kasuen helburua.
Familia Ola eta Haurrak Parkean programen edizio honetako aurkezpena egin dute gaur Jon Ugartek, Euskararen Erabilera Sustatzeko eta Normalizatzeko ordezkariak, eta Maria Viñasek, HEZTEN enpresaren ordezkariak.
Familia barruan, euskararen transmisioa bultzatzea da bi programa hauen xedea, jarduerak euskaraz eginez aire zabalean. Izan ere, euskararen erabilera “eskoletatik kanpo” hedatu nahi dutela azaldu du Ugartek.
Familia Ola
Familia Ola 2 eta 8 urte bitarteko haurrak dauden familiei zuzendutakoa da, eta hiru txanda eskainiko dituzte oraingoan. Azaroko txandan izena emateko hilaren 21etik 25era da epea, eta bi tailer eta irteera bat eskainiko dituzte.
Batetik, txotxongilo kontakizunen tailerrak egingo dira azaroaren 12an eta 14an, 17:30etatik 19:00etara. Familiek Basoa izeneko txotxongilo erakustaldiaz gozatzeko aukera izango dute, basoan bizi diren izaki magikoak ezagutuz.
Bestetik, yoga tailerra egingo dute azaroaren 19an eta 21ean, 17:30etatik 19:00etara. Familiek yogaz gozatzeko aukera izango dute, ariketa fisikoa, mentala eta emozionala landuz.
Azkenik, irteera bat egingo dute zehazteko duten lekuren batera. Hori bai, azaroaren 23an izango dela baieztatu dute. Hurrengo tailerrak, hurrengo urteko otsailean eta maiatzean izango dira, eta aurrerago informazio zehatzagoa emango dute.
Haurrak Parkean
Haurrak Parkean programak Irungo familientzako baliabideak jartzen ditu, hiriko auzoetan eta jolasguneetan euskaraz jolasteko. Joaten diren haurren adinaren arabera, bi talde eratzen dira.
Alde batetik, 3 eta 5 urte arteko haurrekin eta haien zaintzaileekin jolasak egiten dira, familiako hizkuntza-transmisioa eta denbora librea konbinatuz. Bestetik, 6 urtetik 9ra bitarteko haurrekin, ordea, lagunen artean egingo da jarduera, bi hezitzaile bertan direla.
Hilaren 2an, 9an, 16an eta 23an–asteazkenak– Partxis parkean eta Nagore Laffage parkean egongo dira. 3 eta 5 urteetakoek Zabu Zibura jolastuko dute, 17:00etan; Txirrintxon jokoa 6 eta 9 urtekoentzat prestatuko dute, 18:00etatik aurrera.
Hilaren 4an, 11n, 18an eta 25ean–ostiralak– Almudena Grandes plazatxoan eta Arbiun plazan egongo dira. 3 eta 5 urteetakoek Zabu Zibura jolastuko dute, 17:00etan; Txirrintxon jokoa 6 eta 9 urtekoentzat prestatuko dute, 18:00etatik aurrera.