Errugbi denboraldiari hasiera emango diote asteburuan
Hondarribiko Hondartzan jokatuko da denboraldiko eskolen arteko lehen txapelketa igandean. Larunbatean, berriz, 16 eta 18 urte azpikoek denboraldiko lehen partidak jokatuko dituzte Plaiaundin.
Eskolen arteko errugbi denboraldi berriari ekiteko gogotsu daude Txingudi Errugbi Taldeko gaztetxoenak. Igande honetan izango dute lehengo eskolen arteko txapelketa 10 eta 12 urte azpiko errugbilariek.
Hondarribiko Hondartzan jokatuko da Eskolen arteko lehen txapelketa. Goizeko 10:30ean hasiko da eta goiz osoan zehar arituko dira lehian Txingudiko, Hernaniko, Atletico San Sebastianeko, Ordiziako, Bera Berako, Arrasateko, Eibarko edota Zarautz bezalako taldeak. Talde historiko horiez gain, beste hainbat talde bertaratuko dira ere eta hondarretan antolatutako zortzi zelaietan jokatuko dute.
Era berean, 14, 16 eta 18 urte azpiko gazteek ere bere kategoriei dagozkien jardunaldiak izango dituzte. 16 urte azpikoek Plaiaundin izango dute denboraldiko lehen partida larunbatean. Gainera, Euskal ligan debutatuko dute Hiruherrien (Elorrio, Eibar eta Arrasate) aurka. Partida 11:00etan hasiko da. Arerio gogorrak izango dira etxekoentzat.
18 urte azpiko taldeak larunbat arratsaldean jokatuko du Plaiaundin, 16:00etan. Durangoko taldearen aurka lagunarteko partida jokatuko dute. Eta igandean 14 urte azpikoen txanda helduko da. 10:30ean Soraluzeko Eskozia zelaian jokatuko dute Hernani/Atletikoren aurkako lagunartekoa. Senior taldeak aldiz, ez du partidarik izango.
Euskal Selekzioa
Denboraldia hastearekin batera egiten dituzte lehenengo kontzentrazioak selekzioka. Asteburu honetan eskolako bi jokalari deitu dituzte Euskal Selekzioarekin entrenatzera: Mattin Petrikorena eta Thiago Melerio. Klubetik “zorterik onena” opatu diete.