EAJ: "Saindua Gaztelekuak ikasturte berriarekin ireki behar zituen ateak"
Hondarribiko EAJk Gaztelekuko obrak behar bezala ez kudeatzea leporatu dio udal gobernuari.
Hondarribiko EAJk Gaztelekuko obrak behar bezala ez kudeatzea leporatu dio udal gobernuari. Azaldu dutenez lanek duela “hilabete batzuk” bukatuta behar zuten eta ikasturte berria instalazio berrietan hastea aurreikusita zegoen. Baina lanak oraindik bukatu gabe daude.
Saindua hobetzeko eta handitzeko proiektua EAJren gidaritzapean hasi zen. Eraikinaren egituretan sortu ziren konplikazioengatik prozesua luzea izan zela azaldu dute jeltzaleek. Denbora hori, ordea, Gaztelekuaren gune berria diseinatzeko eta zerbitzu guztiak adosteko erabili zutela nabarmendu dute. 2022ko azken hilabeteetan lizitatu zen obra eta lanak 2023ko ekainean hasi zituzten. Enpresak 10 hilabeteko konpromisoa hartu zuen lan horiek burutzeko, baina 2024ko lehen hiruhilekoan, epeak bete ezin, luzapena eskatu zuten. Luzapena uztailaren 31n bukatu zen.
“Gure ustez, Abotsanitz eta EH Bilduren gobernuak ez du jarraipenik eta kontrolik egin obraren kudeaketan, aurreikusitako epean buka zedin” esan dute, eta zentzu horretan, udal gobernuak enpresari obrak lehenbailehen bukatzeko eska diezaiola eskatu du EAJk, “kontratuaren epeak ez betetzeagatik izan daitezkeen zehapenak baloratzeko”.