Bordari eta Satarka Literatur lehiaketa, suspertzen
39. edizioan 25 lan jaso dituztelako "oso pozik" agertu da Garoa Lekuona Euskara zinegotzia. Sari banaketa abenduaren 13an izango da.
Irailaren 15ean itxi zen Bordari eta Satarka Literatura lehiaketara lanak aurkezteko epea. Aurtengoa 39. edizioa da eta 25 lan jaso dituzte: Bordari ipuin lehiaketan 11 lan eta Satarka olerki lehiaketan, berriz, 14.
“Oso pozik” azaldu da Garoa Lekuona zinegotzia; izan ere, pandemia garaian izandako geldialdiaren ondoren zaila izan da parte hartzea sustatzea. Iragan urtean, eta bereziki aurten, lehiaketako suspertzeko indar berezia jarri dute udaletik eta eskerrak eman dizkie zinegotziak lehiaketa zabaltzen ahalegindu diren elkarte eta hedabide guztiei.
Lanak jasota, orain, epaimahaikideei dagokie lanak epaitzea eta saridunak izendatzea. Ainara Elizondo, Aritz Galarraga, Mikel Arruabarrena eta Pello Otxoteko arituko dira lan horretan. Saridunen izenak azaroaren bukaerarako jakinaraziko dituzte eta sari banaketa abenduaren 13an izango da, Itsas Etxean, Hondarribiko Euskal Azokaren egitarauaren baitan.